Durangok BBK Live Herrian ekimena hartuko du maiatzaren 30ean, Mujeres, GAR, Pi L.T., Eider, Kiliki, Olatz Salvador eta Los Fresones Rebeldesen zuzenekoekin

Santa Salut, Heitxi, Wau y los Arrrghs!!!, Mala Gestión, Mississippi Queen & The Wet Dogs, Oslo Ovnies eta Amaiurtxu ere bertan izango dira. Kontzertu guztiak doakoak izango dira.

Urtero legez, Bilbao BBK Liven atarikoa izango da Herrian ekimena. Durangon egingo dute aurtengoa, maiatzaren 30ean (larunbata). 

13:00ean hasi eta 23:00ak bitarte, hamar zuzenekotik gorako programazioa prestatu dute antolatzaileek.

Mujeres, GAR durangar proiektuaren gitarrak, Pi L.T. metal alternatibo taldea, Eider bakarlaria, Kiliki, Olatz Salvador eta Los Fresones Rebeldes indie talde ezagunaren musikaz gozatzeko aukera izango da.

Aipatutakoez gain, Santa Salut rap musikaria, Heitxi euskaldunen elektro triki-popa, Wau y los Arrrghs!!! taldearen deskarga “garajeroa”, Mala Gestión valentziar “ñunk” taldea, Mississippi Queen & The Wet Dogsen soul doinuak, Oslo Ovnies eta Amaiurtxu euskal artista berria ere bertan izango dira.

Emanaldi guztiak doakoak izango dira eta hiru agertokitan banatuko dira: Ezkurdi plazakoa, Benita Uribarrena parkekoa eta Ibaizabal parkekoa. Eguraldi txarra eginez gero, beste gune batzuetara mugituko dituzte kontzertuak.

Bilbao BBK Livek iragarri duenez, "maiatzean eta ekainean, Bizkaiko kaleak musikaz blai egongo dira," uztailaren 9an, 10ean eta 11n Kobetamendin izango den Bilbao BBK Live jaialdiaren 20. urteurrenaren aitzakian. 

Gainera, Durangoko Herrian ekitaldian Kobetamendirako sarrerak salgai egongo dira, prezio berezian.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X