‘Diskoan eta filmean dauden pertsonek mundua beste begi batzuekin begiratzen lagundu didate, eta horregaitik daude hor”

Janus Lesterrek P*OPERA diskoaren unibertsoa aletu du Tabakaleran, Musika Irudiak Eraikiz ekimenaren baitan.
Musika Irudiak Eraikiz Janus Lester

Urteko azken Musika Irudiak Eraikiz ekimenean, Janus Lesterrek P*OPERA diskoaren sorkuntza prozesua eta iruditeria izan ditu hizpide, Leire Arrojeria Gazteako esatariarekin. Bederatzi abestiz ondutako hirugarren bilduma honetan, nafar musikariak ortzadarraren kolore guztiak zeharkatu ditu, Lore diskoaren unibertso gorria atzean utzita.

Pozik eta kaleratzeari lotutako ekitaldi guztien ondorioz nekatuta hartu gaitu Jokin Pinatxo Janus Lesterreko buruak. Hasteko, diskoaren izenaz galdetu dio Leire Arrojeriak. Operaren zale amorratua dela kontatu digu gonbidatuak, eta berak egiten duen popa eta operaren arteko uztarketaren emaitza dela diskoaren izena.

Eñaut Gaztañagarekin grabatu dute diskoa, Gaztain estudioetan. Grabaketa eguna iritsi zenean ahotsik gabe gelditu zela kontatu du Janus Lesterrek, baita Eñautek estudioko giltzak utzi eta euren kasa aritzeko baimena eman ziela ere.

    Abesti bakoitzeko bideoklip bat egiteko ideiari tiraka, euskal kultur panoramaren aurpegi ezagunez inguratu dira Janus Lesterreko kideak. Abesti guztiak berdin tratatzeko asmoari eutsita, pieza solteak izan behar zutenak film musikal itxura hartu zuten azkenean, Edurne Azkarateren gidaritzapean. Zuzendaritza lanak egiteaz gain, Azkaratek diskoaren ikerketa sakona egin zuen, eta coach lanetan ere aritu izan da.

    Irudimenari gorazarrea da P*OPERA. “Diskoaren helburua bada bakoitzari izan nahi duen hori izateko pausoa emateko bultzada izatea”, adierazi du Pinatxok. 

    Horretarako, beste mundu posible batzuk imajinatzeko aukera eman dioten pertsonak gonbidatu ditu berera: Ruper Ordorika, Onintza Enbeitia, Antton Telleria, Joxe Mari Agirretxe, Ane Gabarain, Aizpea Goenaga… Sei egunez bildu zituen aktore, bertsolari eta kantariak, ‘Obakoak’en erreferentzia argiari jarraituta, fikziozko herri koloretsu bat osatzeko.

    Amestutako kolaborazioen artean, Ruper Ordorikarena zen Pinatxoren kutunenetako bat. Horregatik “HORI ERE ZERBAIT DA” kantan kolaboratzeko baiezkoa eman zionean amets bat bete zuela aitortu du gonbidatuak. Kamerak ekiditen saiatzen den arren, film musikalean ageri da Ordorika. 

    Antton Telleriarekin egindako lanaz ere aritu da musikaria. Umoreak kritika (eta autokritika) egiteko balio duela argi du Pinatxok, eta Telleria zen bilatzen ari zen hori lortzeko lankide perfektua. Txisteak egiteaz gain, Anttonek "OMG" abestian kantatzea nahi zuela kontatu digu Jokin Pinatxok. Proposatu zion arren, jarraian konturatu ziren ez zuela funtzionatuko. "Abestea ez da berea, baina baterista ederra da eta oso belarri ona du, bera ere jarraian konturatu zen", aitortu du elkarrizketatuak, barre artean.

    Diskoa zuzenekoetara eramatea erronka handia izaten ari dela aitortu du musikariak. Oholtzan bost pertsonatik behera izatera ohituta daude Janus Lesterreko kideak, eta P*OPERAren kontzertuetan 20 kidetik gora izango direla aurreratu digu, primizian. Oinkari dantza taldekoak, sokez arduratuko diren Zeberiotarrak eta bere ohiko musikariak eramango ditu Pinatxok oholtza gainera, eta hau guztia taula gainean ikusteko “ikaragarrizko gogoak” ditu.

    Ikusi solasaldia, osorik

    Publizitatea
    X