Orduak falta dira 2025eko ZEIDFEST Gazteari hasiera emateko. Larunbatean, goizean hasi eta gauera arte, ahalik eta esperientzia bereziena izateko gida prestatu dugu Gaztean.
AEKk emango dio hasiera aurtengo edizioari, 11:00etan, ohorezko irekiera ekitaldiarekin. Azken kontzertua bukatuta, Bizkaia Arenako ateak goizaldeko 2:00ak aldera itxiko dira.
Eskumuturrekoak
ZEIDFEST Gazteara sartzeko modu bakarra eskumuturrekoa jantzita izango da. Horretarako, sarreran zure tiketak aurkeztu eta pultsera jarriko dizute bertako langileek. Eskumuturrekoa diruz kargatu dezakezu, Bizkaia Arenan bertan, egunean zehar janaria eta edaria erosteko.
Eskumuturrekoarekin Bizkaia Arenatik nahi beste alditan sartu eta ateratzeko aukera izango da.
Nola iritsi
Garraio publikoa erabilita eta autoz irits zaitezkete. Metroz joateko asmoa baduzue, 2 lineako metroa hartu, Ansio geltokian jaitsi eta bertan ikusiko duzue BEC! Trenez joan nahi izanez gero, RENFEko tren geltokirik hurbilena Barakaldokoa da.
Bilbotik bazatoz eta autobusa nahiago baduzu, Bizkaibusen 3136 lineako (Bilbo-Gurutzeta-Barakaldo) autobusa hartu beharko duzu.
Azkenik, autoz bazatoz, BEC! erakustazokako parkingean utz dezakezu ibilgailua.
Jana eta edana
Kanpotik ezin izango da janik eta edanik sartu, baina barruan erosteko aukera izango da. ZEIDFEST Gazteako antolatzaileek baieztatu dutenez, aukera beganoak eta glutenik gabekoak izango dira.
Gaztearen zuzeneko jarraipena eta San Bingo Musikala
Gazteak bi zatitan banatutako lau orduko saio berezia egingo du ZEIDFEST Gazteatik zuzenean. Apirilaren 5ean, Bizkaia Arenan gertatzen den guztiaren berri emango dizuegu, 13:00ean hasi eta 17:00ak bitarte.
Saioez gain, gure sareetako lantaldea ere bertan izango da. ZEIDFEST Gazteako giroaren berri emango dizuegu Instagram, Twitter eta TikTok bidez.
Gazteako zuzeneko saio berezia bukatu ostean, 17:15etik aurrera, Alexander Padillak San Bingo Musikala egingo du, gure set berezian (Bizkaia Arenako sarreran).
Gerturatzen duen orok izango du bingorako kartoia doan eskuratzeko aukera (bukatu arte). Bingoa hasita, abesti bakoitzari lotutako abesti bat entzungo da, eta elkarrekin kantatzeko aukera izango dugu. Partida irabazten dutenek ZEIDFEST Gazteako produktu sorta bat eramateko aukera izango dute. Bi pase egingo dira: 17:15ean lehena eta 18:15ean bigarrena.