ZEIDFEST Gaztea 2025: akustikoentzako hirugarren oholtza bat eta talentu berriak bultzatzeko lehiaketa
Apirilaren 5ean izango da ZEIDFEST Gaztearen aurtengo edizioa, Bizkaia Arenan (BEC!). Gaur goizean EITBren Bilboko egoitzan egindako prentsaurrekoan, bertan aurkituko ditugun nobedadeen berri eman digute antolatzaileek.
Prentsaurrekoan, Mikel Unamuno Gaztea irratiko zuzendaria, Leixuri Arrizabalaga Kultura, Euskara eta Kiroleko foru diputatua, Albina Stardurst eta Divina Comedia ZEIDFEST Gaztearen karteleko artistak eta AEKko Lurdes Etxezarreta eta Aize Otaño igo dira oholtza gainera.
Laugarren edizioko nobedadeak
Berrikuntzen artean, orain arteko bi agertokiez gain, hirugarren bat egongo dela iragarri dute. Azoka Plazan kokatuta, musika emanaldi akustikoez gozatzeko txoko berezia sortuko dute. Itziar Lamarca ZEIDFEST Gazteako komunikazio arduradunak oholtza honetan joko duten hiru artisten izenak aurreratu ditu prentsaurrekoan: Eñaut Elorrieta, Erramun Martikorena eta La Maria valentziar artista.
Gainera, talentu berriak bultzatzeko asmoz, datozen egunetan lehiaketa bat abiatuko dute sare sozialetan, hasiberria den talde edo bakarlariek ZEIDFEST Gaztean jotzeko aukera izan dezaten. Sare sozialen bitartez egingo dute bozketa, eta irabazleek aurtengo kartelburuekin oholtza konpartitzeko aukera izango dute.
Kartela
Jaialdiaren laugarren edizioan Crystal Fighters izango da kartelburu, euskal artista sorta indartsu batekin batera. Horien artean, Zea Mays, Iseo & Dodosound, Betagarri, Süne eta Dupla.
Gainera, berrikuntza gisa, aurten Crystal Fighters euskal artistekin batera arituko da eszenatoki gainean. Besteak beste, ZETAKek britainiarren zuzenekoan joko du. Antolatzaileek prentsaurrekoan aurreratu dutenez, datozen egunetan jakingo dugu zeintzuk izango diren kolaboratzera igoko diren beste artistak.
AEK, jaialdia zabaltzen
Aize Otaño eta Lurdes Etxezarreta AEKko ordezkariek ekitaldian azaldu dutenez, ohituago daude omenaldiak egitera jasotzera baino. Hala ere, guztiz eskertuta daude jaialdia irekitzeko aukera emateagatik. AEKren helburua “Euskal Herriko biztanle guztiek euskaraz eroso bizitzeko baldintzak izatea” den aldetik, xede hori bultzatzeko leku ezin aproposagoa da ZEIDFEST Gaztea. Etxezarretaren hitzetan “AEKri baino, egunero euskara ikasten ari diren ikasleei eta erakusten ari diren irakasleei egindako omenaldia” izango da apirilaren 5ekoa. Gainera, egun horretan Bizkaia Arenan “Barakaldon euskaraz eroso bizitzeko arnasgune txiki bat” irekiko dela azpimarratu du.
Sarrerak
ZEIDFEST Gaztearako tiketak eskuragarri daude dagoeneko. Eguneko bonuak 39,5 (+ kudeaketa gastuetako 3,95€) euro balio ditu. Aurten ere, kuadrilla bonua erosteko aukera izango da: bederatzi bono erosten dituztenek, hamargarrena doan izango dute.
5 urtetik beherako haurrentzat doakoa izango da sarrera. 6-11 urte bitartekoek, ostera, 11,5 euroren truke izango dute sartzeko aukera; eta nerabeek (12-15 urte bitartekoek), 22,5 euroren truke.