Musikari hasiberriek aurtengo ZEIDFEST Gaztean jotzeko aukera izango dute, ‘ZU?’ ekimenari esker. Bakarlaria bazara edo talde bat baduzu, grabatu abesti bat, akustikoan, eta igo sare sozialetara @zeidfest_gaztea eta @gazteairratia aipatuz eta #ZUZEIDFESTGAZTEA traola erabiliz. Hala, ‘ZU?’ lehiaketan parte hartzeko aukera izango duzu, eta apirilaren 5ean Bizkaia Arenan jotzeko hautagaien artean egongo zara.
Lehiaketako oinarriak
Lehiaketa martxoaren 13an hasiko da, eta 19an (23:59ean) bukatu. Lehiakide guztiak 16 urtetik gorakoak izan behar dira.
Aurkezten diren sortzaileak bakarka edo taldean aurkeztu daitezke, baina, kontuan izan, ZEIDFEST Gazteako oholtzak gehienez hiru musikarirentzako tokia eta baliabideak izango dituela. Hartara, hiru pertsonatik gorako taldea baduzu, kontuan izan abestiak akustiko formatura egokitu behar izango dituzula (gehienez hiru musikarirekin).
Sareetara igotzen duzuen bideoa originala izan behar da, ‘ZU?’ ekimenean parte hartzeko propio prestatua. Kanta ere originala izan behar da.
Lehiaketa bukatuta, ZIEDFEST Gazteako profesionalek osaturiko batzorde batek irabazleak aukeratuko ditu. Epaimahai honek sormen maila, bideoa eta soinuaren kalitatea, taldearen ibilbidea eta hizkuntza izango ditu kontuan, besteak beste.
Irabazleak martxoaren 21ean ezagutuko dituzue, ZEIDFEST Gaztearen sare sozialen bitartez.