Sareetan ikusia: Taylor Swiften disko berria eta Kneecapeko Mo Chara Donostiako Aste Nagusian

Irlandar rap bandako kideak La Txama taldeko musikariekin argazkia atera zuen bart, Donostiako jaietan, Flamenka guneko kamerinoetan.
Taylor Swift

Bi albiste esanguratsurekin hasi dugu eguna: Taylor Swiftek disko berria aterako du eta Kneecap taldeko Mo Chara Donostiako Aste Nagusian izan da, La Txama taldeko musikariekin.

Taylor Swiften disko berria

Espero ez genuen berri bat, espero ez genuen lekuan. Taylor Swiftek The Life of a Showgirl izeneko diskoa kaleratuko duela iragarri du, Travis Kelce bikotekidearen podcastean.

Sare sozialetan zabaldutako bideo batean, Swift eta bere bikotekidea (Travis Kelce futbol jokalaria) elkarren ondoan eserita ikusi ditugu, azken honen podcastean. 

Erakusteko zerbait duela dio Swiftek, kutxa batetik binilo bat ateratzen duen bitartean. Diskoa eskuartean duela (edizioan pixelatu egin dute), honakoa dio musikariak: “Nire album berria da hau, The Life of a Showgirl”.

Estatubatuar musikariaren hamabigarren lan luzearen aurre salmenta abuztuaren 13an irekiko dute, Swiften webgune ofizialean iragarri dutenez. 

Gainera, musikariak sare sozialetako profileko argazkia aldatu eta giltzarrapo laranja baten irudia jarri du. Hala, swiftiek (abeslariaren zaleek),  "aro laranja" bezala bataiatu dute datorrena.

Spotifyn ere izan dugu Swiften lan berriaren inguruko arrastorik. Izan ere, And, baby, that’s a show business for you… izeneko playlista sortu du, Max Martinek ekoitziatako 22 abestiz osatutakoa. 

Max Martin Taylor Swiften produktorea izan zen hainbat urtez (Red, 1989 eta Reputation diskoetan), eta urteak daramatzate elkarrekin lanik egin gabe. Hala, kantariaren zaleek sareetan publikatu dutenez, aro horretako lanen antzeko disko bat espero dute.

Swiftek azkenaldian bizi duen urrezko aroaren urrats berria izango da albumaren kaleratzea. Izan ere, estatubatuar musikariak bere lehen sei diskoen eskubideak berreskuratu zituen 2024an, Big Machine zigilu ohiaren kontrako urteetako borrokaren ostean.

Aitorpen profesionalaz gain, Pennsylvaniako artistak 1000 milioitik gorako irabaziak eskuratu zituen iaz Eras birari esker.

Kneecap eta La Txama

Kneecap taldeko Mo Chara, Donostiako Aste Nagusian

Gurera etorrita, Donostiako jaiek itxitako berriarekin esnatu gara: Kneecap taldeko Mo Chara Aste Nagusi Piratan izan da, La Txamako lagunekin. 

Instagramen ikusi dugu Kneecapeko kideak banda donostiarreko musikariekin ateratako argazkia, eta Flamenkako kamerinoetan elkarrekin egon zirela konfirmatu digute bertan izan ziren hainbat lekukok.

Kneecap taldeak Budapesteko Festival Sziget jaialdian jo behar zuen atzo, baina ez zen gertatu. Izan ere, hungariar Gobernuak herrialdera sartzeko hiru urteko betoa jarri die irlandar musikariei “herrialdearen segurtasunaren kontrako mehatxua” direlakoan.

Viktor Orbán lehen ministro ultranazionalistaren komunikazio arduradunak terrorismoaren apologia eta Hamas eta Hezbolaren diskurtso antisemitak babestea egotzi die Kneecapeko musikariei. Irlandar artistek gertatutakoa salatu dute sare sozialetan, baita Sziget festibaleko pantalla erraldoietan emititutako komunikatuaren bitartez ere.

Viktor Orbán Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren aliatua da. Gazan sarraskia eragiten ari den mugimendu politikoa babesteaz gain, LGTBIQ+ komunitatearen eskubideen kontra agertu da. Bada, Budapesteko Harrotasunaren eguneko manifestazioa debekatu zuen ekainean, “haurren babeserako” sortutako lege berri bat tarteko.

Hala ere, 200.000 lagunek hiriko kaleak bete zituzten, komunitatearen aldeko eta Gobernuaren kontrako aldarrikapen historikoa eginez.