Sareetan ikusia: LODVGen Donostiako kontzertu bikoitza, Gasteizeko jaien hasiera eta Metrika eta Leire Martinezen elkarlana
La Oreja de Van Goghek BEC!en abiatu zuen Amaia Montero bandako jatorrizko abeslaria atzera taldera ekarri duen bira, maiatzaren 9an. Ordutik, Madril, Sevilla eta Murtzian jo dute, eta azkenean iritsi zaie etxean jokatzeko aukera. Asteburu honetan, donostiar bandak Illunbe bete du, bi egunez, azken hogei urteetako arrakasten errepertorioa joaz. Orain arte ikusitako showetan abestutako kantez gain, zaleak ezustean harrapatu zituen abestia kantatu zuen Monterok: Ken Zazpiren “Ilargia”.
Gipuzkoako hiriburutik atera gabe, igandean, Glad Is The Day jaialdiaren hamargarren edizioa ospatu da. Eguzkiak bustitako egun osoko programazioren baitan, Maruxak, Amaia Yaniz, Perfecto Miserable eta Somadamantina zuzenean ikusteko aukera izan dute Kristina Enea parkera gerturatu diren lagunek.
Leire Martinez eta Metrika elkarrekin, “Rosas”en bertsio berezia abesteko
Burrianan (Castelló), Arenal Sound jaialdiaren hamaseigarren edizioa ospatu dute asteburuan. 240.000 pertsonatik gora bildu dira bertan, Maria Becerra, Myke Towers, Cali y el Dandee, Delaossa, Ana Mena eta beste hainbat artista zuzenean ikusteko.
Aipatutako izenez gain, ostiralean, Leire Martinez errenteriar abeslariak jo zuen. Honen kontzertuan, aurtengo Arenal Soundek utzitako kolaboraziorik bitxiena ikusi genuen: Metrika gonbidatu zuen oholtzara, La Oreja de Van Goghen “Rosas” kantaren bertsio gaurkotua elkarrekin kantatzeko.
Iñigo Etxezarreta, Gasteizko jaietako pregoilari
Gasteizko jaien atarian, Iñigo Etxezarreta ETSko abeslaria izan da aurtengo Andre Maria Zuriaren festetako pregoia emateko arduraduna. Arabar hiriburuko Plaza Berriko oholtzara igo da musikaria, eta honako hitzak eskaini dizkio publikoari: “Aitortu behar dizuet Zeledon jaisten den bakoitzean hemengoa izateaz are harroago sentitzen naizela”.
Gainera, elkar zaintzearen garrantziaz aritu da, festetan lanean aritzen diren pertsonei eskerrak eman dizkie eta euskararen aldeko aldarria egin du musikariak. Bukatzeko, Maider Etxebarria hiriko alkateak jaietako zapia jantzi dio. Ekitaldi ofiziala bukatuta, ETSko buruak “Zurekin Batera” kanta jo du, Oreka TX taldearekin batera.
Albina Stardust eta Danelen ezkon-hitza
Udako albisteetako batekin harritu gaituzte Danel Galdaera eta Albina Stardustek osatutako bikoteak: ezkongai eraztunak oparitu dizkiote elkarri. Ezkontzaren inguruko berririk ez dugun arren, euskal musikari, aktore eta eduki sortzaileen zorion mezuez bete zaie Instagrameko argitalpena.