Hamaika aurpegi ezagun, Ainhoa Etxebarria Gazteako esatari ohiaren ezkontzan

Ondarroar aktore eta kazetaria maiatzaren 9an ezkondu da, Itziarreko Salegi jatetxean. Aktore, musikari eta influencerrak izan ditu gonbidatu, eta ospakizunak utzitako une batzuk gorde ditugu Gaztean.

Ainhoa Etxebarria aktore eta Gazteako esatari ohia Peio Arrillaga bikotekidearekin ezkondu da asteburu honetan, Itziargo Salegi jatetxean. Alex Padillak gidatutako ospakizunean, umorea, mezu hunkigarriak, malkoren bat eta zuzeneko musika izan dira nagusi. Gonbidatuen artean, ikus-entzunezkoaren munduko hamaika aurpegi ezagun ikusi ditugu. 

Besteak beste, Nerea Alias, Egoitz Txurruka, Klaudio Landa eta Ana Goitia aurkezleak; eta Ainhoa Artetxe, Karmele Larrinaga, Koldo Olabarri, Iñaki Maruri eta Miren Gaztañaga aktoreak.

Ibon Fernandez eta Oizeder Mayo Gazteako lankide ohi eta lagunek esan zituzten eguerdiko lehen hitzak. Ezagutu dituzten Ainhoa guztiak izan zituzten hizpide, hippiea, donostiarra, parrandazalea…eta denen gainetik, Ainhoa bera, bere aldaera guztietan, maite dutela esan zioten bi lagunek. 

Gero, Peioren kuadrillak lau bertso borobil bota zituen, harremanaren hasierako pasarteekin hasi eta ezkontzan bertan ondo pasatzeko deiarekin bukatuta. Gero, ezkongaiek publikoa emozionatu zuten maitasun hitzak eskaini zizkioten elkarri.


Ezkontza aurrera joateko moduan zegoela uste zutenean, Ainhoaren lagunek ezusteko txiki bat zuten antolatuta. Mitxel Santamaria aktoreak ezin izan zuen ezkontzara joan, eta performance bitartez atera zuten ezkongaien artera. 

La Húngararen “Tengo que impedir esa boda” kanta jarrita, gonbidatutako hainbat aktorek zeremonia eteteko eskatu zuten, eta Mitxelen kareta zeraman dantzari bat agertu zen bikotekidearen aurrean.

Ospakizuna bukatzeko, Leire Letu musikariak (eta bikotearen lagunak) Los Chunguitosen “Me Quedo Contigo” eta Kilikiren “Animal Crossing” abestiaren bertsio hunkigarria eskaini zuen, pianoaz lagunduta.

 

 

Koktelaren ostean, taldeka eseri ziren gonbidatuak, eta plater artean, ezkonberriek esker on eta maitasun hitzak eskaini zizkieten euren familia eta lagunei, mikroa eskuan hartuta. Bazkaldu eta gero, Albina Stardust eta Divina Comedia agertu ziren jatetzean, drag bingoari hasiera eman eta dantza lekuaren ateak irekitzeko.

Joseina Etxebarria Gazteako esatari ohia izan zen musikaren arduran nagusia. Boladan dauden hitak, ezkontzetako klasikoak eta gonbidatuek eskatutakoak betetzen saiatu zen, umore ezin hobez. Festa goizaldera arte luzatu zen, eta egun bereziko argazkiak jasotzen jarraitzen dugu, bi egun geroago.

Gonbidatuen argazkiak

Publizitatea
X