Itzalaldiak Euskal Herrian utzitako une bitxiak: Igeldoko suitzar mendia, igogailuak, ibaia igerian zeharkatzea eta Artxandako funikularreko bidaiariak
Astelehenean, 12:33ean, Iberiar Penintsulan kaosa eragin duen itzalaldi historikoa izan da. Argindar saretik 15 gigawatio desagertu ziren "bat-batean", une horretan estatu osoan kontsumitzen ari zen energiaren % 60.
Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan hornidura elektrikoaren % 100 berrezarri den honetan, atzoko egunak sare sozialetan utzitako unerik bitxienak bildu ditugu Gaztean.
Turistak, Igeldoko suitzar mendian
Pazko astea igarota. Donostian turistaz lepo jarraitzen du. Askok, eguraldi aparta aprobetxatu eta Igeldora txangoa egin zuten atzo. Horietako batzuei, suitzar mendian zeudela harrapatu zituen itzalaldiak.
Familia honek argia joan zeneko momentu zehatza grabatu zuen, atrakzioa gelditu eta bertako teknikoaren azalpenak jaso zituzten uneak barne.
Artxandako funikularra
Bilboko Artxanda auzoko funikularreko bidaiariek ere pairatu zuten hornidura elektrikoaren erortzea. Ibilgailua aldapa erdian zegoela eman zen itzalaldia, eta bidaiariek funikularretik atera eta oinez jaisteko erabakia hartu zuten.
Igerilariak Nerbioi ibaian
Sestaon, herritar batek Nerbioi ibaia igerian zeharkatzea erabaki zuen, Bizkaiko Zubia (zubi esekia) itxita zegoela jakin ostean. Uda giroko eguraldia genuela aprobetxatuta, gizonak ibaia igerian igarotzeko egun aproposa zela iritzi zion.
Ur lasterrez gain, gizonak Sestaotik Getxora iristea lortu zuen, Radio Euskadiko lankideei azaldu dienez.
Oizeder Mayo: igogailuan harrapatuta, haurdun
Itzalaldiak garraioetan izan du batik bat eragina, baina ikara eszena larrienak igogailuetan bizi izan dira, jende asko harrapatuta geratu baita. Horietako bat Oizeder Mayo lankidea izan da.
‘GU’ saioan kontatu digunez, 15 minutuz isolatuta eta inkomunikatuta egon ondoren, lagun bati deitzea lortu zuen. Ordubeteren ostean, atea pixka bat irekitzea lortu dute, baina ez zen nahikoa, zazpi hilabeteko haurdun baitago. Azkenean, hanketatik tiraka, lortu zuen igogailutik ateratzea.
Oizederrez gain, suhiltzaileek igogailuetan harrapatuta zeuden 253 pertsona erreskatatu behar izan dituzte Euskadin, eta Nafarroan ere 90 erreskate egin dituzte, azkenean kasu larririk gertatu ez bada ere.