2024an oholtzak utziko dituztela iragarri duten talde eta bakarlariak

Esne Beltza, Chill Mafia eta Huntzak agur esan digute aurten. Andrea Aranburuk aurten utzi gaituzten musikarien errepasoa egin du “Dida!”n.
18:00 - 20:00

Uzta oparoa utzi digute euskal artistek bukatzear den 2024 honetan. Hala ere, badaude zuzenean berriz ikusiko ez ditugun hainbat talde. Horien errepasoa egin du Andrea Aranburuk, “Dida!”n.

Urte hasieran, otsailaren 3an, Huntza taldeak zalegoa agurtu zuen Miribillan, Azkena Balitz Bezala izeneko kontzertu gogoangarrian. Bilbao Arena beteta ikustean animatu ei zen Fermin Muguruza Bilbon eman berri duen kontzertua planteatzera. ‘Benetan Zabiz?’en kontatu zigun musikariak. Martxoan, Willis Drummondek “aldi baterako” azken kontzertua eman zuen, baita Liher gipuzkoar bandak ere. Apirilean, Anestesia taldeak 30 urtetik gorako ibilbidea itxi behar zuela iragarri zuen, eta ordutik hainbat kontzertu eman dituzte, Azken Heriotza izeneko despedida biran.

Esne Beltzak ere aurten iragarri du taldearen desegitea, baina 2025ean emango dute azken zuzenekoa: Bilbao Arenan, otsailaren 1ean. Fermin Muguruza, Juantxo Arakama, La Pegatina, Chambao, El Canijo de Jerez eta beste hainbat artista izango dituzte gonbidatu.

Urte bukaeran iritsi da Chill Mafia nafar kolektiboaren despedida. Iragarri zuten egun berean Agur eta Ohore X Allá Va La Despedida izeneko mixtapea kaleratu zuten, baita agur biraren kontzertu zerrenda ere. Chill Mafia ikusteko azken hitzordua 2025eko martxoaren 28an izango da, BEC!en, hamar orduko festa erraldoian.

Gatibu bizkaitarren ere agur esango digute 2025ean. Azken kontzertuko sarrerek di-da bukatu zirela ikusita, taldeak beste bi data iragarri ditu. Abenduaren 6an, 12an eta 13an joko dute, Barakaldoko BEC!en.Irailaren 19an, “Løkanta” abestia argitaratzearekin batera, oholtzak utziko zituztela iragarri zuen Habi bikoteak: “Oholtzatik jaitsiko gara denbora batez; zaintza, lasaitasuna eta deskantsua behar ditugu indar gehiagorekin bueltatzeko”.

Urriaren 14an, pop musikaren mundua irauli zuen berria jaso genuen: Leire Martinezek ez du La Oreja de Van Goghen kantatzen jarraituko. Notiziak hautsak harrotu zituen sare sozialetan, eta Leireren aldeko elkartasun sare erraldoia osatu zen ordu gutxian.

Azaroaren 27an iritsi zitzaigun Benito Lertxundiren agurraren berria. Orioko Bardoak ez du agur kontzerturik iragarri, azkena emanda baitzuen. Gernikan izan zen, eta bertan grabatu zuen Gernikan kontzertuan izeneko azken diskoa. Albistea jakin eta ordu batzuetara “Dida!”n izan genuen, eta bizitzaren inguruko makina bat hausnarketa interesgarri egin zizkigun.

El Columpio Asesinok eta Delirium Tremensek ere aurten esan digute agur.