Leire Martinezek ez du La Oreja de Van Goghen jarraituko

La Oreja de Van Goghek sare sozialetan iragarri du berria. Martinezek 17 urte eman ditu bandako abeslari gisa.

Leire Martinez abeslariak La Oreja de Van Gogh utziko du, taldeak sare sozialetan iragarritako oharrean jakinarazi duenez. 17 urteko ibilbide oparoaren ostean, bandaren eta abeslari nagusiaren "ibilbide profesionalek bide ezberdinak" hartuko dituztela azaldu dute.

Erabakia gogorra, zaila eta oso pentsatua izan dela azpimarratuta, honako arrazoiak azaldu dituzte: "Hainbat elkarrizketa sakon izan ostean, ez dugu lortu taldean egoteko ditugun modu ezberdinak bateratzea".

Azken 17 urteak ahaztezinak eta "zoragarriak" izan direla erantsi dute taldekideek, "munduko ogibiderik onenaz nahi bezala gozatzeko aukera" eman baitie.

 

Berriaren susmorik ez genuen arren, La Oreja de Van Goghek Zaragozan emandako kontzertuan (birako azkena) hunkituta agertu zen Leire.

El Heraldo egunkariko kronikaren arabera, abeslariak bi aldiz egin zuen negar oholtza gainean. Rosas kantaren erdialdean, negarrari ezin eutsita zegoen artista, baita kontzertu bukaeran ere.

Birako azken kontzertua izan zen Zaragozako Pilar jaietan emandakoa, eta litekeena da Leirek La Oreja de Van Goghekin emandako azkena izatea.