Chill Mafiak jotzeari utziko dio

“Agur eta ohore X Allá Va La Despedida” izeneko mixtapea kaleratu ondoren utziko dituzte oholtzak. Publikoari azken biran esango diote agur.
Chill Mafia
Chill Mafia. Argazkia: Arriguri

Chill Mafiak jotzeari utziko diola iragarri du gaur goizean, esklusiban, "Dida!"n. Taldeko Sara Goxua eta Flakok eman digute albistea, zuzenean.

Duela hiru urte ezagutu genuen Chill Mafia, Xabier Leteren "Gazte arruntaren koplak"en bertsio iraultzailearekin. Ibilbide labur baina oparoan, nafar kolektiboaren ekarpena mugarria izan da euskal musikaren eszena garaikidean.

Mixtape berria

Despedidarako, baina, ez datoz esku hutsik. Izan ere, "Agur eta Ohore X Allá Va La Despedida" izeneko bederatzi kantako mixtapea kaleratu dute.

Bilduman, Gontzal Mendibilen "Merezi ote" abestiaren bertsio bat, Brigada Criminalen "Ídolo caído"ren beste bat, Nerve Agent taldearen kolaborazioa eta aurretik plazaratutako "Puta Ripagaña" eta "Mus Corrido" singleak aurkituko ditugu, besteak beste.

Azken bira Taldeari aurrez aurre agur esateko izango dute zaleek, Euskal Herrian zein at, 'Agur eta ohore' izeneko biran. Dagoeneko, Gasteiz (Jimmy Jazz, urriak 31), Logroño (La Fundición, azaroak 1), Errenteria (Lekuona, azaroak 11), Iruñea (Zentral, abenduak 25), Bilbo (Kafe Antzokia, urtarrilak 3), Madril (La Riviera, otsailak 26) eta Bartzelonako (datarik gabe) datak iragarri dituzte.