Dupla, Tatxers, ZETAK, Ibil Bedi eta IZARO, zuzeneko onenaren Gaztea Saria jasotzeko izendatuta

Gazteako ikus-entzuleek erabakiko duzue zeinek eramango duen garaikurra, gure webguneko bozketan parte hartuta, otsailaren 12tik 24ra.
Gaztea Sariak: zuzeneko onenaren izendatuak

Gazteako ikus-entzuleek erabakiko duzue zein musika taldek eramango duen 2025eko zuzeneko onenaren Gaztea Saria, webguneko bozketan. Otsailaren 12an hasi eta 24ra arte, Dupla, Tatxers, ZETAK, Ibil Bedi eta IZAROren artean aukeratu eta gustukoenaren aldeko boza emateko aukera izango duzue.

Dupla

‘Plazaz plaza, herriz herri’ izeneko bira abiatu zuten 2024ko udaberrian, otsailean De un pueblo llamado Agurain izeneko diskoa estreinatu ostean. Euskal Herriko plaza eta aretoak dantzan jarri aurretik, Japonian izan zen Aguraingo bikoa. Bost kontzertu eman zituzten Tokioko hainbat aretotan.

Tatxers

2024ko iraila hasieran kaleratu zuten Ezpatei Disdira! Izeneko diskoa. Iruindarren hirugarren bildumak bira berri baten ateak ireki ditu. Euskal Herriko kontzertuez gain, Madrilen ere jo du hirukoak. 2025ean ere aterako dira gure mugetatik, Sevilla, Granada, Bartzelona eta Valentzian joko dituzten zuzenekoekin.

Euren kontzertuetan musika bere horretan gozatzeko aukera eskaintzen du Tatxersek, artifiziorik gabe, pop-punk malenkoniatsuaren bidetik.

ZETAK

2024a urte handia izan da ZETAKen ibilbidean. “Tiketik gabe” kartela eskegi dute Atarrabiako Totemen, Jimmy Jazzen, Oialumen, Bartzelonako Apolon, Atabalen, Madrilgo La Salan (Wizink Center) eta Bilboko Santana 27n eman dituzten kontzertu bikoitzetan.

Pello Reparazen jarrera indartsuak eta nafar tradizioan oinarritutako iruditeria garaikidea dira AAZTIYEN diskoko kontzertuen indarguneak.

IBIL BEDI

2023an kaleratu zuen nafar taldeak Goldea izeneko diskoa. Lanabesak nola, lurra eragin eta fruituak lortzea bildu dute 2024an. Hala, 2004ko udazkenean Goldea biraren amaiera iragarri zuten, eta Murgian, Eskoriatzan, Elgoibarren, Atarrabian, Tafallan eta Hendaian agurtu dituzte euren zaleak.

Hurrengo lana prestatzeko tartea hartuko dute orain, eta publikoak Ibil Bediren zuzeneko intimo eta hunkigarriez gozatzeko aukera galduko du “ratiko batez”.

IZARO

Urtebetean, espedizio bat planteatu, motxila bete, mendia igo, bistez gozatu eta jaisteko aukera izan du mallabiar artistak 2024, cerodenero diskoari esker. Tartean, Euskal Herriko areto nagusietan, New Yorken eta Islandian izan da, besteak beste.

Gainera, Durangoko Azokan IZARO Gabonetan izeneko gabonetako kanten bilduma kaleratu eta Kursaalen aurkeztu du, bi egunez jarraian, sarrera guztiak agortuta.

cerodenero birako kontzertuetara gerturatu diren zaleek dantzaz eta momentu hunkigarriz beteriko Ikuskizun paregabeaz gozatzeko aukera izan dute.