Durangoko Azokaren lehen egunean, abenduaren 5ean, Gazteak saio berezia egingo du Landakotik. 17:00etan hasi eta hiru orduz, Alain Perez, Maite Garmendia eta Liher Larrañagak azokaren berri emango dute, zuzenean.
Aurtengo musika nobedadeak aurkezteaz gain, artistekin egoteko aukera izango dute. Izan ere, Durangoko Azokan irratirako prestatutako txokotik igaroko dira, besteak beste, Aimarz, Neomak, Sua, Burutik eta Sara Zozaya. Gainera, Aurtengo Maketa Lehiaketako irabazleek, GAR taldeko kideek, irekiko dute saio berezia. Euskal kulturaren plazaz gain, taldekideen sorterria ere bada Durango, eta bertan aurkeztuko dute euren lehen diskoa.
Saioa irrati bidez izango da entzungai, baita Gaztearen webgunean eta GUAU plataforman ere. Sare sozialetako lantaldea ere bertan izango da, Instagram, TikTok eta X bitartez Durangoko Azokako giroaren berri emateko.