2024ko euskal musikari entzunenen zerrenda

Urtea bukatzeko orduak falta diren honetan, 2024ak utzitako musikaren errepasoa egin dugu. Euskaraz egindako kanta entzunenen artean, Gorka Urbizuk eraman du sari potoloa.

2024ko artista entzunenak

Atzera begiratu eta urteko balantzea egiteko garaia izaten da abendua bukaera. 2024an, euskal musikaren ekarpena oparoa bezain interesgarria izan da. Aurten entzun ditugu SÜNE eta Gorka Urbizuren bakarkako lehen diskoak, Chill Mafiaren azken diskoa, Zea Maysen “Elektrizitatea” klasikoaren bertsio korala eta IZAROren Gabonetako disko berezia.

Aipatutako artisten proposamenak eta 2024an ateratako beste hainbaten zenbakiak ikusita, urteko abesti entzunenen zerrenda egin dugu Gaztean.

10. Zea Maysen “Elektrizitatea 25”

Urte bukaeran ikusi zuen argia bizkaitar bandaren abesti ezagunenaren bertsio koralak. Publikatu aurretik sekulako ikusmira sortu zuen “Elektrizitatea 25” kantak, grabatu zuten hori zer zen jakin aurretik euskal eszenako emakume asko elkarrekin ikusi baikenituen sareetan zintzilikatutako irudietan. IZARO, J Martinako Ane eta Kattalin Barcena, Sara Zozaya, Itziar Ituño, Iholdi Beristain, Josune Arakistain eta beste hainbat musikarik hartu dute parte klasiko honen coverrean.

Hilabete eskasean, 231.071 entzunaldi eskuratu ditu Spotify plataforman.

9. Tatxers eta Malakiasen “Eh tu! (ezta lorerik)”

Otsailean iritsi zen gurera Malakias eta Tatxersen arteko elkarlan bikoitza. “Eh tu! (ezta lorerik)” eta  “Eh tu! (lapurtu dizkit)”en artean, baina, lehena nagusitu da entzuleen artean, 289.221 entzunaldirekin.

2024a urte oparoa izan da bi artistentzat, biek diskoa kaleratu baitute aurten. Durangaldeko ekoizleak kolaborazioz jositako Ekoitze Goibela izeneko LPa kaleratu du urte bukaeran. Iruñerriko hirukoak hirugarren diskoa ekarri digu aurten: Ezpatei Disdira!.

8. Olatz Salvadorren “Basan”

Udazkenaren hasierarekin iritsi zen gurera Zainak Eman, Olatz Salvadorren hirugarren albuma. Musikariak berak Gaztean kontatu zigunez, espiritualtasuna bilatzen eraiki zuen diskoa, ohikoa baino ukitu ilunagoa duen ekoizpena tarteko. “Basan” singlea da diskoko abestirik entzunena, 305.077 entzunaldirekin.

7. Bengoren “Beste Behin”

Oiartzuar musikariak irailean aurkeztu zigun, estreinakoz, BELHARRA disko berriaren lehen alea. Singleak kaleratu ostean, disko osoa entzuteko aukera izan genuen azaroa bukaeran. Denetatik, “Beste Behin” izenekoa nagusitu da, 329.737 bisitarekin.

Julen Aduriz ekoizlearen eskutik, orain arte egindako lanik “borobilena” ondu du artistak. Pretentsiorik gabeko lana dela kontatu zigun Bengok “B Aldea”n, baita egindako lanarekin pozik daudela aitortu ere.

6. Chill Mafiaren “Agur Eta Ohore X Allá Va La Despedida” diskoa

Oholtzak utziko zituztela jakin aurretik kaleratu zituzten “Mus Corrido” eta “Puta Ripagaña” single arrakastatsuak. Guztira, milioi bat entzunaldi baino gehiago pilatu dituzte bi kantek. Euren ibilbideko azken bilduma plazaratuta, beste kanta bat sartu zaie 2024ko entzunenen artean: “Merezi ote”, Gontzal Mendibilen abestiaren bertsioa.

5. SÜNEren “Txitxarro”

Itziarko musikariak aurten kaleratu du Amaineman, bere bakarkako proiektuko lehen diskoa. Artistak berak “Dida!”n azaldu zigunez, amain ematea askorik pentsatu gabe ateratzen zaizun hori egitea da. Hala sortu du bere lehen estudioko lana, eta emaitzen artean bat aukeratu duzue entzuleek: “TXITXARRO”, 503.716 entzunaldirekin.

4. Tatta, Bengo, Fane, Denso eta Maidaren “Zure Falta Dut”

Bost artisten arteko elkarlana 535.629 aldiz entzun duzue aurten. Tattaren Martin izeneko estreinako diskoan auki daiteke kolaborazioa, Etxepe kolektiboko beste hainbat kideren kolaborazioen artean.

3. ETSren “Zure Eskutik”

Arabar taldeak kanta bakarra kaleratu du 2024an. Bakarra egin eta horrekin asmatu. Orotara, 571.505 entzunaldi izan ditu abestiak. Urte osoan zehar izan dugu bidaide ETSren musika, otsailean Gaztea Sarietan eskaini ziguten kontzertu gogoangarritik hasi eta Euskal Herriko plazetan emandako kontzertu jendetsuetan bukatuta.

2. Duplaren “Fandango Nasty”

Otsailean jaso genuen De Un Pueblo Llamado Agurain, aguraindar bikoaren bigarren diskoa. 2023 bukaeran aurreratu zituzten “Tirikitrauki” eta “Fandango Nasty” singleak. Diskoa kaleratuta, bigarrenak eskuratu ditu entzunaldi gehien: 985.736.

1. Gorka Urbizuren 'Hasiera Bat' diskoa

Nafar musikariaren bakarkako lana izan da, ezbairik gabe, 2024an musika kaleratu den euskal diskorik entzunena. “Teoria bat” kantak hartu du aurrea, 1.046.365 entzunaldirekin. Atzetik datoz “Tren bat” (982.097), “Janela bat” (889.890) eta “Toki bat” (828.348). Diskoa etxean eta gure mugetatik kanpo aurkeztu du Lekunberriko artistak, eta hilabetean ia 50.000 entzule izan ditu, bataz beste.