‘Amaineman’: 11 abesti, hainbat lagun eta senari jarraitzeko asmoa, SÜNEren disko berrian

Bere estreinako diskoa kaleratu eta ordu gutxira, SÜNE Gazteako estudiora etorri da.

Amaineman izeneko diskoa aurkeztu digu SÜNEk, kaleratu eta ordu gutxira, “Dida”n.

Musikariaren bakarkako proiektuko lehen estudioko lana da eskuartean ekarri diguna. 11 abestiz osatutako lanean, trikitixa, doinu elektronikoak, dantzagarriak eta abesti malenkoniatsuagoak ere entzungo ditugu. SÜNEk berak azaldu digunez, amain ematea askorik pentsatu gabe ateratzen zaizun hori egitea da. Eta hori izan da bere lehen diskoko sortze prozesuaren dinamika: egin, egiten ari zaren hori gehiegi epaitu gabe.

Bakarrik datorren arren, bidea lagunez inguratuta egin du gipuzkoar artistak. Jimbo Paez ekoizlearen lanaz gain, hainbat artistaren kolaborazioez baliatu da. Izan ere, Veintiuno taldea, Antía Muíño eta Greta Ch’aska, Moonshine Wagon eta Huntzarekin egindako elkarlanak aurki daitezke Amainemanen.

Oholtza gainean, bandarekin ikusiko dugu SÜNE. Elkarrizketan aurreratu digunez, Madrilen eta Euskal Herrian bizi diren musikariz osatuko du bere taldea. Amaineman zuzenean entzuteko 2025era arte itxaron beharko dugula esan digu gonbidatuak.