Bengo: “Norabide bat dugun arren, argi daukagu bidea ezer ez bilatzea dela”
Belharra diskoa kaleratu baino hiru egun lehenago, “B Aldea”n izan da Bengo, Julen Aduriz ekoizlearen konpainian.
Oiartzuar artistak 2023ko urtarrilean plazaratu zuen Bizirik izeneko lehen LPa. Eta bi urte igaro aurretik ikusiko du argia Belharrak. Zuzenekoak eta disko berriaren konposaketa uztartu dituzte tarte honetan, eta lana “familia giroan” egin dutela azpimarratu du Bengok. Julen Aduriz ekoizlearen eskutik egin du diskoa, goitik behera. Metalaren mundutik dator Aduriz, eta testuinguru aldaketa hori izan da, hain zuzen ere, bere kezkarik handiena.
Emaitzarekin pozik daude eta hitz batekin laburbildu beharko balukete, “borobila” dela dio biko artistikoak. Musikariak azaldu digunez, kanta pertsonalak dira, bigarren pertsonan idatzitakoak gehienak. Soinu aldetik, Bengoren soinu nortasunean sakontzen saiatu dira, abestiek iradokitzen zizkieten sentsazioei so eginez.
“Beti zu”, “Ez zaizu ikusten” eta “Gezurretan” abestiak entzun ditugu, diskoa estreinatu aurretik, primizian.