Sara Azurza: “Nire bizitzarekin zer egin ez nekien une batean egin nuen diskoa”
Sara Azurzak Hiri ilunen umeak diskoa aurkeztu digu, “GU”n. Sormenez indartsu zegoen une batean osatutako zortzi abestiz ondu du donostiarrak bere lan berria.
Emakume gazte gisa, “egin beharreko” guztiak eginda zituela sentitzean sortu zitzaion krisiari abesten dio musikariak. Soinuari dagokionez, azken urteetan belarria hezten aritu eta indie soul elektronikotik asko edan duela kontatu digu.
Bartzelona eta Donostia artean sortu du lana, eta Bilboko El Tigre estudioetan grabatu. Hiru hiriekin oso harreman berezia duen arren, aukeratu beharko balu etxearekin (Donostia) gelditzen da Azurza.
Olaia Inziarte eta Janus Lesterren kolaborazioak ere aurki daitezke LPan. Inziarteren elkarlana aurretik ezagutu genuen; Janus Lesterrena, berriz, diskoarekin batera entzun deskubritu dugu. “Bere ahotsak abestia borobildu du”, kontatu digu musikariak.