IZARO: “Ez dut cerodenero bira bukatu nahi, baina badakit atsedena beharko dudala”
IZAROren bisita izan dugu “GU”n. Gabonetako disko berezia aurkeztu eta Gabonak igarota, jai egunak nola pasatu dituen galdetu diogu bizkaitar musikariari.
Jai egunak bai, baina oporrik ez du izan IZAROk; izan ere, bere gabon kanta propioak publikoarekin partekatu ditu, abenduaren 22an eta 23an, Donostiako Kursaal aretoa bi aldiz betez.
2025a ere indartsu dator musikariarentzat. Maiatzaren 31n bukatuko du cerodenero bira, Barakaldoko BEC!en emango duen kontzertu gogoangarrian. Dagoeneko entrenatzen hasi dela kontatu digu, koreografia berriak ikusiko baititugu BEC!en. Gainera, lagunez inguratuta egingo du azkena (Olaia Inziarte, Baiuca, Miki Nuñez, Olatz Salvador, Martin Urrutia…), eta hilabetez hilabete sorpresa bat ematen joango direla aurreratu digu artistak.
Gaur egun entzuten ari denaz galdetuta, cerodenero osteko proiektuaren inguruko lerroburu bat eman digu IZAROk: “Musika entzuten baino, gai zehatz bati buruzko liburu teknikoak irakurtzen ari naiz”. Hala ere, beste ezertan hasi aurretik, atsedena hartuko duela aurreratu digu.