Gure artisten Gabonak: IZAROren Gabon gauak, Sara Zozayaren abesti berria eta Miruaren Eguberri postala
Gehienentzat atsedena hartu eta ingurukoez gozatzeko egunak diren arren, euskal musikaren agendan egun oparoak izaten dira Gabonetakoak. Lanean jarraitu duten artistek festak alaitzeko hainbat proposamen oparitu dizkigute.
IZAROrentzat urte berezia izan da 2024. Espedizio bat planteatu, mendia igo, paisaiaz gozatu, jaitsi, eta gu denoi kontatzen aritu da, plazaz plaza eta aretoz areto. Urtea borobiltzeko, Izaro Gabonetan izeneko disko berezia aurkeztu digu Durangoko Azokan.
Diskoa zuzenean aurkezteko kontzertu bi kontzertu berezi eman ditu, abenduaren 22an eta 23an. Gabon gau ofiziala heldu aurretik, Gabon gau propio bat oparitu die zaleei IZAROk, Donostiako Kursaalen. Bertan, ohiko taldekideez gain, gonbidatu bereziez inguratuta ikusi dugu bizkaitar artista. Eñaut Gaztañaga musikari eta ekoizlea, Bele artista (korista gisa) eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots ikusi ditugu Gabon festa handi honetako oholtza gainean.
Sara Zozaya ere ez da geldirik egon. Izan ere, duela egun batzuk kanta berri bat aurkeztu zigun, ezustean. Gabon kanta bat egin baino “desegin” duela kontatu du musikariak bere sare sozialetan: “Ama eta amama Ataungoak dira. Bertan zer kantatzen zuten ulertu eta orainera ekarri dut”.
Ke Lepo ekoizle eta musikariaren eskutik, (Gabon) Kanta kaleratu du donostiar artistak. Donostiako Antzoki Zaharrean jo du lehen aldiz jendaurrean, iragan astean.
Iazko legez, tradizio bilakatzen ari den bideoa igo dute Mirua taldeko kideek euren Instagram profilera. Bertan, hiru taldekideak ageri dira, baserritarrez jantzita. “Hator, hator”en bertsio hunkigarria kantatu dute Mattin, Malentxo eta Maitanek, Juantxo Zeberio musikariaren pianoak lagunduta.