Mirail: “Finalean egote hutsa sari handia da guretzat”

Mirail taldeko Iñigo gonbidatu dugu "GU"ra, Maketa Lehiaketako final handian emango duten kontzertuaz galdetzeko.

2024ko Maketa Lehiaketako final handiaren atarian, lau finalistak “GU” saiotik igaroko dira. Gaurkoan, Mirail taldeko Iñigorekin hitz egiteko aukera izan dugu.

Metalaren mundutik datoz Urnietako bandako kide gehienak: “Orain helduagoak gara eta pixka bat aldatzen ari gara; rocka, post hardcorea eta ukitu modernoagoak dituen zerbait egiten ari gara”.

Ostegunerako urduri dauden arren, finalak emango dienaz disfrutatzeko gogotsu daude. Ez zuten espero honaino iristea, baina behin helduta, sari nagusiaren bila doaz: “Guretzako finalean egote hutsa sari bat da, baina besteei bezala, sari potoloa irabaztea gustatuko litzaiguke”. Jimmy Jazzen ikusiko dugunaz galdetuta, publikoari azken asteetan egindako lan guztia erakutsi eta ondo pasatzeko aterako dira oholtza gainera.

Ezagutu beste finalistak

Baditugu 2024ko Maketa Lehiaketako finalean lehiatuko diren lau taldeen izenak: Aramu, Mirail, Mikosis eta Malkok. Azken hirurak Julen Idigoras, Lorea Argarate eta SÜNEk osatutako epaimahaiak aukeratu ditu; Aramu, ostera, Gazteako ikus-entzuleek. Publikoaren hautatuei dagokionez, "M"dun hirukoa dugu aurten: Mirail, Mikosis eta Malko.

Aramu, publikoaren irabazlea

80 orduko epean, erabiltzaileen boto zaparrada jaso du Gaztearen webguneak. Aramu izan da talde bozkatuena, alde nabarmenarekin. Doce C bilbotarrek (bigarren postuan) eta Lemak bergararrek (hirugarren postuan) osatu dute aurtengo podiuma.

Maruri-Jataben (Bizkaia) sortutako boskotea da Aramu. Indie rock eta punk rocka abiapuntu hartuta, estilo eta doinu propioa eraikitzen ari direla diote taldekideek. Aurten kaleratu dute Aramu izeneko lehen disko laburra.

Mikosis

Mikosis hirukoak (Gernika), berriz, post-punk eta rock doinuez bustiko du Maketa Lehiaketako finala. Bertan, irailean kaleratu berri duten Kontrolik Barik estreinako EPko kantak entzungo ditugu.

Malko

Duela urtebete pasatxo elkartu zen boskotea, Oñatin. Dagoeneko eman dituzte hainbat kontzertu, Esan ez direnak EPko abestiak jendaurrean aurkeztuz.