Aramu, Mirail, Mikosis eta Malko, 2024ko Maketa Lehiaketako lau finalistak

Gazteako ikus-entzuleek erabaki dute, bozka bidez, Aramu banda bizkaitarra finalera eramatea. Mirail, Mikosis eta Malko dira, ostera, epaimahairen hiru hautatuak.

Baditugu 2024ko Maketa Lehiaketako finalean lehiatuko diren lau taldeen izenak: Aramu, Mirail, Mikosis eta Malkok. Azken hirurak Julen Idigoras, Lorea Argarate eta SÜNEk osatutako epaimahaiak aukeratu ditu; Aramu, ostera, Gazteako ikus-entzuleek. Publikoaren hautatuei dagokionez, "M"dun hirukoa dugu aurten: Mirail, Mikosis eta Malko.

Aramu, publikoaren irabazlea

80 orduko epean, erabiltzaileen boto zaparrada jaso du Gaztearen webguneak. Aramu izan da talde bozkatuena, alde nabarmenarekin. Doce C bilbotarrek (bigarren postuan) eta Lemak bergararrek (hirugarren postuan) osatu dute aurtengo podiuma.

Maruri-Jataben (Bizkaia) sortutako boskotea da Aramu. Indie rock eta punk rocka abiapuntu hartuta, estilo eta doinu propioa eraikitzen ari direla diote taldekideek. Aurten kaleratu dute Aramu izeneko lehen disko laburra.

Mikosis

Mikosis hirukoak (Gernika), berriz, post-punk eta rock doinuez bustiko du Maketa Lehiaketako finala.

 

Bertan, irailean kaleratu berri duten Kontrolik Barik estreinako EPko kantak entzungo ditugu.

Mirail

Urnietatik datozen bost lagun dira.

Pandemia ostean eratu zuten taldea, helburu zehatz batekin: Euskal Herriko musika eszena pasioz eta energia kolore berriekin margotzea.

Malko

Duela urtebete pasatxo elkartu zen boskotea, Oñatin.

Dagoeneko eman dituzte hainbat kontzertu, Esan ez direnak EPko abestiak jendaurrean aurkeztuz.

Finala

Lau taldeak abenduaren 19an lehiatuko dira, Gasteizeko Jimmy Jazzen, Maketa Lehiaketaren final handian. Denek emango dute kontzertu labur bat, bertara gerturatzen den publikoaren eta epaimahaikideen aurrean.

Jimmy Jazzeko ateak 20:00etan irekiko dira, eta ordu erdi beranduago hasiko da final handia. Ainhoa Vitoria Gazteako esatariak aurkeztuko dizkigu zuzenean joko duten lau taldeak, eta bera izango da final handia gidatzeko arduraduna.

Lau kontzertuak bukatuta, epaimahaiak irabazlearen izena pentsatzeko tarte bat hartuko du. Gero, txapelketako hiru sariak banatzeko unea helduko da. Hasteko, Aramuk GAZ Saria (2500 euro) eramango du zuzenean, webgunean jasotako boto zaparradari esker. Atzetik etorriko dira Harrobia Saria (Oso Polita diskoetxearekin lau kantako EP bat grabatzeko aukera) eta gaueko garaikur potoloa: epaimahaiak emandako 5.000 euroko saria eta 2025eko Bilbao BBK Liven jotzeko aukera.