Aramu: “Oso pozik eta eskertuta gaude jaso dugun babesarekin”

Aramu taldeko Gorka “GU”n izan da, Maketa Lehiaketako finala hizpide. Maruri-Jatabeko bostekoak GAZ Saria (Entzuleen Saria) eramango du ostegun honetan Jimmy Jazzen, Gazteako erabiltzaileen botoei esker.

2024ko Maketa Lehiaketako final handiaren atarian, lau finalistak “GU” saiotik igaroko dira. Gaurkoan, Aramu taldeko Gorkarekin hitz egiteko aukera izan dugu.

Finalean jotzeaz gain, saria izango dutela badakite Maruri-Jatabeko lagunek, Gaztearen webguneko talde bozkatuena izan baitira. Hala, 2500 euroko GAZ Saria (Entzulearen Saria) eramango dute ostegun honetan. Txekea eskuratu aurretik dirua xahutzen hasi dira bizkaitarrak; izan ere, publikoaren babesa eskertzeko autobus bat jarriko dute, zaleak, lagunak eta familia Mungia aldetik Gasteizera joateko.

Maketa Lehiaketaren finalean topera disfrutatzeko gogoz dator boskotea. Coverrak egiten dituzten arren, bertsiorik gabeko errepertorioa prestatu dute ostegun honetarako. Hitzordu handirako prestaketaz galdetuta, aspaldiko entsegurik dibertigarriena egin berri dutela kontatu digu Gorkak.

Ezagutu beste finalistak

Baditugu 2024ko Maketa Lehiaketako finalean lehiatuko diren lau taldeen izenak: Aramu, Mirail, Mikosis eta Malkok. Azken hirurak Julen Idigoras, Lorea Argarate eta SÜNEk osatutako epaimahaiak aukeratu ditu; Aramu, ostera, Gazteako ikus-entzuleek. Publikoaren hautatuei dagokionez, "M"dun hirukoa dugu aurten: Mirail, Mikosis eta Malko.

Mirail

Urnietatik datozen bost lagun dira. Pandemia ostean eratu zuten taldea, helburu zehatz batekin: Euskal Herriko musika eszena pasioz eta energia kolore berriekin margotzea.

Mikosis

Mikosis hirukoak (Gernika), berriz, post-punk eta rock doinuez bustiko du Maketa Lehiaketako finala. Bertan, irailean kaleratu berri duten Kontrolik Barik estreinako EPko kantak entzungo ditugu.

Malko

Duela urtebete pasatxo elkartu zen boskotea, Oñatin. Dagoeneko eman dituzte hainbat kontzertu, Esan ez direnak EPko abestiak jendaurrean aurkeztuz.