Malko: “Ondoen egiten dakiguna egingo dugu: ahalik eta kontzertu onena eman eta, batez ere, disfrutatu”

Malko taldeko Anje “GU”n izan da, Maketa Lehiaketako finalaren atarian. Jimmy Jazzen eskainiko dutenaz eta beste finalistez galdetu diogu.

2024ko Maketa Lehiaketako final handiaren atarian, lau finalistak “GU” saiotik igaroko dira. Gaurkoan, Malko taldeko Anjerekin hitz egiteko aukera izan dugu.

Oñatitik dator Malko izeneko boskotea. Taldekideak azaldu digunez, “disfrutatu eta ahalik eta kontzertu onena” emateko helburuarekin joango dira ostegun honetan Jimmy Jazzera. Deialdi irekirik egin ez duten arren, zaleak animatzeko asmoa dutela aurreratu digu Anjek. Beste finalistez galdetuta, euren proposamenak gustuko dituztela kontatu digu musikariak.

Ezagutu beste finalistak

Baditugu 2024ko Maketa Lehiaketako finalean lehiatuko diren lau taldeen izenak: Aramu, Mirail, Mikosis eta Malkok. Azken hirurak Julen Idigoras, Lorea Argarate eta SÜNEk osatutako epaimahaiak aukeratu ditu; Aramu, ostera, Gazteako ikus-entzuleek. Publikoaren hautatuei dagokionez, "M"dun hirukoa dugu aurten: Mirail, Mikosis eta Malko.

Aramu, publikoaren irabazlea

80 orduko epean, erabiltzaileen boto zaparrada jaso du Gaztearen webguneak. Aramu izan da talde bozkatuena, alde nabarmenarekin. Doce C bilbotarrek (bigarren postuan) eta Lemak bergararrek (hirugarren postuan) osatu dute aurtengo podiuma.

Maruri-Jataben (Bizkaia) sortutako boskotea da Aramu. Indie rock eta punk rocka abiapuntu hartuta, estilo eta doinu propioa eraikitzen ari direla diote taldekideek. Aurten kaleratu dute Aramu izeneko lehen disko laburra.

Mikosis

Mikosis hirukoak (Gernika), berriz, post-punk eta rock doinuez bustiko du Maketa Lehiaketako finala. Bertan, irailean kaleratu berri duten Kontrolik Barik estreinako EPko kantak entzungo ditugu.

Mirail

Urnietatik datozen bost lagun dira. Pandemia ostean eratu zuten taldea, helburu zehatz batekin: Euskal Herriko musika eszena pasioz eta energia kolore berriekin margotzea.