Olaia Inziarte: “Badakigu zer daukagun baina ez dugu inoiz emanen dugun guzti hori, gure alde egiteko”
“Saldu genizun” abestia aurkeztu digute IZARO eta Olaia Inziartek, “Dida!”n. “Kanta bat egin dizut” esanez idatzi zion IZAROk Olaiari, eta horrela hasi zen bien arteko elkarlana. Zaldiak edukita, pottokak saldu dizkigute gaur ekarri diguten kantan.
Hala azaldu du Olaiak: “Badakigu zer daukagun baina ez dugu inoiz emanen dugun guzti hori, gure alde egiteko”. Izan ere, hastapenetan “dema ematekoak” izan ohi dira bi artistak, eta dagoeneko konturatu dira badaudela norberarentzat gorde beharrekoak. “Ikasi dugu neurtzen eta besteak konturatu gabe egiten, gainera”, azpimarratu du IZAROk.
Garai txarragoak igarota, buruak eta arimak nahiko oskarbi dituztela kontatu digute bi musikariek. Olaia Inziartek zerrautsa izeneko lana aurkeztu du negu honetan, eta Euskal Herrian barrena aurkezten ari da. IZARO, ostera, maiatzaren 31ko cerodenero bira amaierako kontzerturako prestatzen ari da. Bertan kantatuko dute, lehen aldiz, “Saldu genizun”.