HOFE: “Inspiratuta jaiki ginen eta oso ordu gutxian egin genuen kanta, denbora gehiago eman genuen kanta grabatzen abestia sortzen baino”

HOFEk Jimena Amarillorekin kaleratu berri duen “Panpin bat bezala” abestia aurkeztu digu, primizian, “Dida Fresh”en.
18:00 - 20:00

“Dida Fresh”ek HOFE fitxatu du udako saio bereziko kolaboratzaile gisa. Nafar artistak musika gomendioak ekarriko dizkigu astero, eta lehenengoa oso berezia izan da. Izan ere, Gaztea Kabian ekimenean Hofek berak Jimena Amarillorekin sortu duen “Panpin bat bezala” kanta ekarri digu.

Orozkoko Artiñano etxean elkartu dira bi musikariak, irailean ikusgai izango dugun Kabian ekimenaren bigarren denboraldiko lehen atala grabatzeko. Bertan, elkar hobeto ezagutu eta zerotik sortu zuten gaur estreinatu dugun abestia.

Kabianen bizi izandako esperientziaz galdetuta, erabat eskertuta dago HOFE. Elkarrekin gosaldu eta, kamerez inguratuta, kantaren basea sortzen hasi zirela kontatu digu kolaboratzaileak. Kanta oso erraz atera zitzaiela azaldu digu, baita Jimenak euskaraz kantatzeko sekulako gogoa zuela ere.