Pello Reparaz: "Energia eta bibrazioa sekulakoa izan zen, gertatzen ari zena oso berezia zela sentitu nuen"

Asteburuan MITOAROAren bueltan sortutako unibertsoaz galdetu diogu Pello Reparazi.
18:00 - 20:00

Pello Reparazek MITOAROAn bizitakoaren laburpena egin digu “Dida!”n. Nafarroa Arena ostiral eta larunbatean bete ostean, erabat hunkituta dagoela aitortu digu Arbizuko artistak.

Sentitu zuenaz galdetuta, honakoa erantzun digu: “Giroa ikaragarria izan zen, larunbatean oso goiz izan nuen egina zegoenaren sentsazioa, energia eta bibrazio oso berezia sentitu nuen”. Teknikoki konplikatuagoak ziren uneak tentsioz bizi izan zituen arren, publikoaren beroa sentitu eta emozioak lurrera ekartzeko aukera ere izan zuen artistak. Ikuskizuna antolatzeko lan asko egin duten arren, izandako oihartzunarekin oso harrituta eta eskertuta daudela aitortu digu Pellok. Orotara, ia 300 pertsonek egin dute lan MITOAROA aurrera ateratzeko.

Ilunbeko bi egunetako tiketak bukatuta, Donostiako hirugarren data iragarri dute

Zuzenekoa bukatu bezain pronto, ZETAKen hurrengo data handia iragarri zuen bandak: irailaren 6an, AAZTIYEN biraren amaiera egingo dute Ilunben (Donostiako zezen plaza).

Salmenta irekita, tiketak ziztu bizian saldu eta bezperan (irailak 5) ere Ilunben arituko direla iragarri dute.

Ordu bete beranduago, bigarren hitzordurako sarrera guztiak saldu ditu nafar bandak. Eta hirugarren bat egingo dutela iragarri dute: irailaren 7a.

Hirugarren emanaldi horretarako sarrerak salgai daude.

Sare sozialetan iragarri dutenez, “iraganetik etorkizunerako saltoan, mugarri berria ezarriko duen eguna” eta “inoiz sentitu gabeko energia metaketa errepikaezina” izango da bertan biziko duguna. Ilunbeko hitzorduaz galdetuta, honakoa erantzun digu: “Ez goaz Iruñeko showa Donostiara eramatera, beste zerbait eskaintzeko lanean ari gara”.