IZARO: “BECen jotzeko aukera izanda, arreta sakabanatu eta asko gustatzen zaizkidan proiektuak oholtzara eramateko erabili nahi dut”
cerodenero diskoaren bira agurtzeko unea iritsi zaio IZAROri. Maiatzaren 31n egingo du agur festa, Bizkaia Arenan (BEC), eta gogotsu dago. Honela kontatu digu “Bitan” saioan: “Gauzak bukatu behar dira, eta ondo bukatu. Bukaerak ere omendu egin behar dira, forma eman behar zaie. Gazi-gozoa da, baina gustatzen zait gero horrek perspektiba handian duen pisua”.
Bere azken diskoa hitz bakarrarekin definitzeko eskatuta, “sendabidea” aipatu du bizkaitar artistak. “Diskoa egin nuenean uste nuen nire minei begira egindako prozesua izaten ari zela, eta horrela izan da. Baina orain beste modu baten ikusten dut, “ni” hori desagertu da eta munduari begira nago orain”, azaldu digu IZAROk.
Bakarlari gisa aurkezten dugun arren, musikari eta bestelako profesionalez inguratuta bizi da IZARO. “Lantaldea nire familia da, mundua amaituko balitz eurekin harrapatzea nahiko nuke. Gaindiezina sentitzen naiz beraiekin nagoenean”, aitortu digu. Urte hauetan zehar sortutako familia horri eskerrak emateko, “Ordu bik eta laurden” izeneko kanta kaleratu du musikariak.
Musikaren munduaren itzalez ere aritu da gonbidatua Ainhoa Vitoria eta Sara Alonsorekin. Olaia Inziartek ‘Intimitatean’ saioan egindako adierazpen baten harira, kontzertuen, promozioaren eta zarata mediatikoaren erritmoez aritu da IZARO: “Gure buruak deshumanizatu eta deskonektatzeko joera dugu askotan. Bira honetan mantendu dut hori ordenatuta izatea, baina deskonektatze hori (Olaiak aipatzen duena) gogorra da”.
Lagunez inguratuta esango dio agur cerodenerori. Olaia Inzairte, Baiuca, Olatz Salvador eta Valeria Castrok, beste hainbat lagun eta ezagunen artean, helduko diote eskua BECen.