Jon Basaguren: “Gozatzen dut zuzenean jotzen, baina ez dut gozatzen nire irudia eszenatokiaren erdian ikusten, kontraesanak ditut”

Izaki Gardenaken itzuleraz, 'Orube' izeneko disko berriaz eta musikaren industriak bizi duen uneaz aritu dira "Bitan" saioan.
18:00 - 20:00

Jon Basaguren hartu dute Ainhoa Vitoriak eta Sara Alonsok, “Bitan” saioan. Izaki Gardenaken Orube izeneko disko berriak emandako lehen urratsez galdetu diote.

Izaki Gardenaken hainbat urteko etenaldiaren ostean iritsi da Orube, gorputzak hala eskatu dienean. Horrela azaldu du Basagurenek: “Prozesua luzea izan da, eta ez nuen nire burua behartu nahi. Gorputzak eskatu didanean egin dut. 2023 bukaera aldera hasi nintzen berriro jotzeko gogoak izaten, pedalak eta beste efektu batzuk probatzen… Ideiak atera ziren eta gauzak grabatzen hasi nintzen”.

Diskoa egin nahi zuela erabaki zuenean, banda elkartu eta baldintza bakarra jarri zien musikariei: konponketak egiteko orduan, americana eta folk ukitutik urruntzea. “Batzuetan, mugek ematen dizkizute bide berriak, eta inertziak alboratzen dituzunean gauza berriak etortzen dira”, azaldu du elkarrizketatuak.

LParen kaleratzearekin musikarekin zerikusia duten beste hainbat gauza birpentsatzeko beharra sortu zitzaien: “Disko honen hausnarketetako bat izan zen nahi dugula topatu gure txokoa musikaren industrian; gure lekua sortu, gustura egoteko eta dena guk kontrolatu ahal izateko”. Hala, autogestio bidez antolatu dute diskoaren aurkezpen bira.

Esposizioaren gaiak ere eman die zer pentsatua. Musikariak eduki sortzaile izatera igaro izanak kontraesanak eragiten dizkio Basagureni. Horregatik, sare sozialekin eta gehiegizko agertze horrekin gatazkan bizi dela esan digu: “Gozatzen dut zuzenean jotzen baina ez dut gozatzen nire irudia eszenatokiaren erdian ikusten, kontraesanak ditut”.