Dena prest, 2024ko Maketa Lehiaketaren final handirako

Ostegun hontetan, 20:00etan irekiko ditugu ateak, eta ordu erdi beranduago hasiko da final handia. Ainhoa Vitoriak aurkeztuko dizkigu zuzenean joko duten lau finalistak. Kontzertuak bukatuta, epaimahaiarena izango da azken hitza.

Ostegun honetan izango da 2024ko Maketa Lehiaketaren final handia, Gasteizeko Jimmy Jazz aretoan. Bertan lehiatuko dira Aramu, Malko, Mikosis eta Mirail taldeak, Ainhoa Vitoriak gidatutako ekitaldian.

20:00etan irekiko ditugu ateak, eta ordu erdi beranduago hasiko da finala. Ainhoa Vitoriak lau taldeak aurkeztuko dizkigu, eta bakoitzak ordu erdi inguruko zuzenekoa eskainiko dute. Proiektu guztiak aurkeztuta, Julen Idigoras, Lorea Argarate eta Sünek osatutako epaimahaiak irabazlearen izena pentsatzeko tarte bat hartuko du.

Gero, txapelketako hiru sariak banatzeko unea helduko da. Hasteko, Aramuk GAZ Saria (2500 euro) eramango du zuzenean, webgunean jasotako boto zaparradari esker. Atzetik etorriko dira Harrobia Saria (Oso Polita diskoetxearekin lau kantako EP bat grabatzeko aukera) eta gaueko garaikur potoloa: epaimahaiak emandako 5.000 euroko saria eta 2025eko Bilbao BBK Liven jotzeko aukera.

Saioaren jarraipena, Gaztearen kanal guztietan

Maketa Lehiaketaren finala zuzenean eta doan ikusteko aukeraz gain, irratiz eta streaming bidez jarraitzeko aukera izango duzu, Gaztearen YouTubeko kanalean eta webgunean. Gure sare sozialetan ere erabat murgilduko gara final handiaren giroan, gertatzen ari den guztiaren zuzeneko kronika eginez.

Ezagutu Maketa Lehiaketako lau finalistak