SÜNE, Gorka Urbizu, Janus Lester, IZARO eta Chill Mafia Gaztea Sarietan izendatu, artista onenaren kategorian
SÜNE, Gorka Urbizu, Janus Lester, IZARO eta Chill Mafia dira Gazteako epaimahaiak artista onenaren Gaztea Saria emateko hautatuko musikariak.
Martxoaren 6an jakingo dugu zeinek eramango duen garaikurra, Euskalduna Bilbaon egingo dugun sari banaketan. Ainhoa Vitoria eta Sara Alonso Gazteako “Bitan” saioko kideek aurkeztuko dute gala. Bertan ikusiko ditugun emanaldietako protagonisten izenak jakiteko itxaron beharko den arren, Gaztean egunero entzuten ditugun musikariak izango dira festa musikatzeko arduradunak. Gainera, inoiz baino zuzeneko gehiago izango direla aurreratu dezakegu.
SÜNE
Huntzaren agur ahaztezinarekin hasi genuen 2024a. Baina Josune Arakistain taldekideak bazuen, dagoeneko, publikoari eskaintzeko beste karta bat: SÜNE, bere bakarkako proiektua. Iragana aitortu eta tradizioa zikintzeko gogoz kaleratu ditu “Lau Korapilo” eta “Txitxarro”, Amaineman diskoko abestiak biak. Madrilen eta Euskal Herrian bizi diren musikariekin sortu du banda, eta dagoeneko eman ditu kontzertu batzuk.
Gorka Urbizu
Hasiera bat izeneko bakarkako lehen lanarekin ikusi dugu, lehen aldiz, Gorka Urbizuren alderik intimoena. Urtebetean, Euskal Herriko eta gure mugetatik kanpoko aretoak bete ditu, zaleen eta adituen babes eztabaidaezinarekin.
Janus Lester
Ez gaitzala loak harrapatu diskoarekin erein zuen orain Lorerekin jasotzen ari den uzta. Euskal Herrian 100 kontzertutik gora eskaini ditu Jokin Pinatxo buru duen taldeak. Bigarren diskoaren aurkezpena iragarri eta gutxira goraino bete zuten Victoria Eugenia, urteko azken aurreko egunean.
IZARO
2024an 10 urte bete dira “Paradise” abestiaren bertsioa Youtubera igo zuenetik. Hamarkada honetan hazten joan da IZARO, pertsonalean eta profesionalean. Iazkoa bere urtea izan da, cerodenero diskoaren jendaurreko aurkezpenak aretoak eta bihotzak bete baititu. Gainera, Durangoko Azokan IZARO Gabonetan izeneko gabonetako kanten bilduma kaleratu eta Kursaalen aurkeztu zuen, bi egunez jarraian, sarrera guztiak agortuta.
Chill Mafia
Agurra iragarri eta goia jo. Punk ikono klasikoen eran, nafar kolektiboak gazte abandonatuko ditu oholtzak, ondare ahaztezina utzita. Agur eta Ohore X Allá Va La Despedida izeneko mixtapea kaleratu zuten urte bukaeran, Chill Mafiari amaiera borobila emateko. 2025eko martxoan joko dute azken aldiz, BEC!en.