Naxker, Maskak, Sukena, Marte Lasarte eta Nakar, talde berri onenaren Gaztea Sarirako izendatuta

Martxoaren 6an jakingo dugu zeinek eramango duen garaikurra, Euskalduna Bilbaon egingo dugun festa handian.
Gaztea Sariak: artista berri onena

2024an lehen urratsak eman dituzten taldeen artean, Naxker, Maskak, Sukena, Marte Lasarte eta Nakar bandak aukeratu ditu Gazteako epaimahaiak, aurtengo disko onenaren Gaztea Saria jasotzeko hautagai gisa. Aurten, Eusko Jaurlaritza Gazteria zuzendaritzak babestutako du saria.

Martxoaren 6an jakingo dugu zeinek eramango duen garaikurra, Euskalduna Bilbaon egingo dugun sari banaketan. Ainhoa Vitoria eta Sara Alonso Gazteako “Bitan” saioko kideek aurkeztuko dute gala. Bertan ikusiko ditugun emanaldietako protagonisten izenak jakiteko itxaron beharko den arren, Gaztean egunero entzuten ditugun musikariak izango dira festa musikatzeko arduradunak. Gainera, inoiz baino zuzeneko gehiago izango direla aurreratu dezakegu.  

Naxker

Nafar boskoteak iaz aurkeztu du Matxenia II izeneko estreinako diskoa. Taldeko kideei euren proiektua definitzeko eskatuta, etiketa zaleak ez direla azpimarratuta, indie-popa jorratzen dutela esan ziguten  “GU” saioan. Sei abestiz osatutako diskotik “Bidelagun” izenekoak bihotza lapurtu digu.

Maskak

Behekaldean ikusi genituen estreinakoz, “Antzerki” delako kanta jotzen, eta ordutik ez diegu pista galdu. Taldekide guztiak eskarmentudun musikariak diren arren, denak elkartu eta Maskak izeneko proiektua osatu zuten. 2024an Buruz Buru, taldearen lehen diskoa, iritsi zen gurera. Iparraldean plazaz plaza aritu ostean, musikari gazteek “profesionalizatzeko esfortzua” egin dute azkenaldian.

Sukena

Gazteako entzuleen talde kutun horietako bat da oñatiar seikotea. Sare sozialetan ere arrakasta lortu dute Sukena taldeko kideek; izan ere, TikToken biral bihurtu zen taldearen “Oroitzen” abestia, 2.000 bideo ingururen soinu banda gisa. Guztia gordetzea ezinezkoa da izeneko estreinako diskoa kaleratu zuten apirilean, eta dagoeneko badituzte jendaurrean aurkezteko hainbat data garrantzitsu.

Marte Lasarte

Pello Armendariz eta Borja Antonen eskutik izan genuen proiektu onen berri, iazko otsailean, “GU” saioan. Skakeitan taldeko bi kide ohiek sortu zuten Marte Lasarte, eta Lore Nekane Billelabeitia eta Alex Alonsorekin osatu zuten banda. Ez da besterik izeneko albuma kaleratu zuten 2024ko urrian eta ordutik publikoari aurkezteko aukera izan dute, Euskal Herrian zehar, jendez beteriko aretoetan.

Nakar

Jone Laspiur, Andoni Olaetxea, Jokin Azpiazu eta Xalba Ramirezek osatutako bandak Epelkeriaren Kontra izeneko EPa kaleratu du 2024ko udan. Lore Ta Laban diskoaren harrera beroari esker, bigarren honekin ere lortu dute Euskal Herriko aretoak “lehen ilara militantez” betetzea.