‘Hasiera bat’, ‘Negu Gorri’, ‘Zainak eman’, ‘Ezpatei Disdira!’ eta ‘De Un Pueblo Llamado Agurain’, disko onenaren Gaztea Sarirako izendatuta

Gorka Urbizu, J Martina, Olatz Salvador, Tatxers eta Duplaren lanak aukeratu ditu Gazteako epaimahaiak. Martxoaren 6an jakingo dugu zeinek eramango duen garaikurra, Euskalduna Bilbaon egingo dugun festa handian.
Gaztea Sariak: disko onena

Iaz kaleratutako diskoen artean, Gorka Urbizuren Hasiera bat, J Martinaren Negu Gorri, Olatz Salvadorren Zainak eman, Tatxersen Ezpatei Disdira! eta Duplaren De Un Pueblo Llamado Agurain aukeratu ditu Gazteak osatutako epaimahaiak, disko onenaren Gaztea Sarirako.

Kutxabank Kornerrek babestutako garaikurra martxoaren 6an banatuko da, Euskalduna Bilbaon antolatutako festa handian. Ainhoa Vitoria eta Sara Alonso Gazteako “Bitan” saioko kideek aurkeztuko dute gala. Bertan ikusiko ditugun emanaldietako protagonisten izenak jakiteko itxaron beharko den arren, Gaztean egunero entzuten ditugun musikariak izango dira festa musikatzeko arduradunak. Gainera, inoiz baino zuzeneko gehiago izango direla aurreratu dezakegu

Hasiera Bat

Berri Txarraken aztarna ahaztezinaren atzetik, 2024ko lehen egunetan iritsi zen Hasiera Bat, Gorka Urbizuren bakarkako lehen diskoa. Bertan, artifiziorik gabeko hamar abesti aurkeztu zizkigun Lekunberriko artistak. Soilak, intimoak eta, aldi berean, unibertsalak dira Hasiera Bat osatzen duten kantak. Urbizuk Tour bat izeneko biran aurkeztu du diskoa, Euskal Herriko zein gure mugetatik kanpoko aretoak betez.

Ezpatei Disdira!

Uda bukaeran jaso genuen Tatxers fafar hirukotearen hirugarren bilduma. Euren hitzetan, abesti poperoagoak baina distortsio gehiagorekin egindakoak dira Ezpatei Disdira!n diskokoak. Zuzenean jotzeko disko bat egin dute, eta horretan dabiltza.

Negu Gorri

J Martina hirukoaren bigarren bilduma da Negu Gorri. Diskoa kaleratu baino lehenago, gurean egon ziren, eta lan “eklektikoa eta fantasiosoa” izango zela aurreratu ziguten. Hala izan da, estilo askotako kantak aurkitu baititugu bertan. Tartean, “Paktua” izeneko kizomba estiloko abestia, eta karibetar ukituak dituen “Bilbo”.

Zainak eman

Olatz Salvadorren hirugarren diskoa da. Urte bukaeran iritsi zitzaigun eskuartera, eta ordutik bertako hainbat abesti burutik kendu ezinda ibili gara. Albuma aurkeztean, diskoak ohikoa baino ukitu ilunagoa duen ekoizpena duela kontatu zigun donostiar artistak. Gainera, lehen aldiz kanta bat ekoiztera animatu da Salvador.

De Un Pueblo Llamado Agurain

Duplaren bertsiorik lasaienaz gozatzeko aukera ematen du Aguraingo bikoaren azken lanak. “Plazetako signatura gainditu dugu, baina pendiente geneukan jendeak etxean kozinatzen dagoela Dupla entzutea", kontatu ziguten “GU” saioan.