Rosalía eta Rauw, Barbie fenomenoa eta abuztua informatuta hasteko behar dituzun berriak
Udako albisteetako batekin esnatu ginen iragan astean: Rosalía eta Rauw Alejandro artistek euren arteko harremana hautsi dute, hiru urtez elkarrekin egon ostean. Prentsa arrosak iragarri eta ordu gutxira, Rauw Alejandrok berak konfirmatu zuen berria, Instagram bitartez.
Albisteak bi musikarien zaleak erabat aztoratu zituen, eta hausturaren zergatien inguruko hipotesi bakarrak hartu zuen aurrea: hainbat iturriren arabera, puertorricar artistak beste emakume batekin izandako erlazioak eragin omen du bien arteko harremana etetea.
Rauw Alejandrok gezurtatu egin du bere sare sozialen bidez, eta Rosalíak adierazpen bakarra egin du horren inguruan: "Raul maite, errespetatu eta asko miresten dut. Ez egin jaramonik pelikulei, guk badakigu zer bizi izan dugun. Une hau zaila izaten ari da, beraz, eskerrik asko ulertu eta errespetatzen duzuenoi".
'Barbie'k mundua arrosaz jantzi du
Greta Gerwigek zuzendutako filmak eskuratutako errekor materialez gain (astebetean 256,6 milioi dolar bildu ditu AEBn, eta emakume batek zuzendutako film ikusiena izan da karteldegietan eman duen lehen asteburuan), historiako panpinik ezagunenaren zintak iraultza txikia eragin du sare sozialetan zein "mundu errealean".
Orain arte superheroien sagekin lotutako fenomenoa gertatu da Warner Brosen produkzioarekin. Estreinatu aurreko kanpaina sonatuaren atzetik, publikoak lehen minututik erantzun du, zinema-aretoak arrosaz jantzita. Sare sozialetan ere sekulakoa izan da oihartzuna, eta 'Barbie'n agertzen diren abesti, eszena eta gidoiko esaldiek TikTok, Twitter eta Instagrameko feedak bete dituzte astebetean.
Musika oso garrantzia izan da 'Barbie'ren arrakastan. Bada, nazioarteko puntako artistek osatu dute pelikularen soinu banda.
Besteak beste, Billie Eilish, Lizzo, Dua Lipa, Charli XCX, Ava Max, Haim, Nicki Minaj eta Ice Spice artisten abestiak entzun daitezke bertan.
Aldi berean, bigarren lerroko polemika bat piztu da sareetan, filmak berak aipatutako gaiak jorratzeko duen zilegitasunaren ingurukoa, hain zuzen. Izan ere, zintaren mezu eraikitzailearen gainetik, askok ezin izan dute alboratu Mattel multinazionalaren panpinaren propagandaren (kapitalismoaren ikur eztabaidaezin gisa) ikuspegia.
Angus Clouden heriotza
Astea bukatzeko, berri mingarria jaso dugu: HBOko 'Euphoria' telesailean Fez gorpuztu zuen Angus Cloud aktorea zendu da.
Familiak argitaratutako oharrean, duela bi aste hildako aitaren dolua aipatu dute, baita 25 urteko gazteak izandako buruko osasun arazoak eta horien inguruan egindako adierazpen publikoak ere.