Niña Coyote eta Chico Tornado, Los Estanques y Anni B Sweet eta Zahara, MIN Sarietako irabazleen artean
Bart banatu dituzte Musika Independentearen Sariak (MIN Sariak), Mallorcako Auditorium Palma aretoan. Samantha Hudsonek gidatutako ikuskizunean, bertaratu diren 800 pertsonek zuzeneko musikaz eta sari banaketaz gozatzeko aukera izan dute.
Los Estanques y Anni B Sweet izan dira gaueko garaile nagusiak, bost sari jasota (urteko albumik onena, artista onena, urteko abestirik onena, pop album onena eta ekoizpen onena).
Euskaldunen artean, izen bakarra gailendu da: Niña Coyote eta Chico Tornado bikotea. Donostiar artistek Etxepare Institutuaren euskarazko album onenaren saria eraman dute. Eurekin batera, Merina Gris, Olaia Inziarte, Vulk eta Zea Mays zeuden izendatuta.
Biznaga taldeak bi garaikur eraman ditu, urteko rock disko onenaren Larrosa Music Group saria eta diseinu grafiko onenaren Marilians saria.
Bestela, Tanxugueiras galiziarrek beste bi sari jaso dituzte: erroko musika disko onena eta galegoz egindako disko onenarena.
Artista berri onenaren garraikurra shego banda madrildarrarentzat izan da. Ohorezko saria, ordea, Christina Rosenvinge artistak jaso du, 80. hamarkadan hasi eta gaur eguneraino ibilitako bide musikalaren aitortza gisa.