Beyoncéren berpizkundea, “RENAISSANCE” disko berrian

2016an “Lemonade” plazaratu zuenetik ez du estudioko lan luzerik atera. 16 abestiz eta nazioarteko puntako musikarien kolaborazioez osatu du LP berria.
Beyoncé
Beyoncé. Argazkia: @beyonce

Gaur goizaldean ezagutu dugu Beyoncéren "RENAISSANCE" izeneko disko berria. 2016an "Lemonade" atera zuenetik, ez dugu artistaren musika berririk entzun.

Beyoncéren zazpigarren lan luzea da gaurtik aurrera entzungai izango dugun "RENAISSANCE". Hiru urte behar izan ditu diskoa sortzeko eta BEAM, Grace Jones, Tems, Jay-Z, Drake, Skrillex eta puntako beste hainbat artistarekin aritu da elkarlanean.

Lan berrian, Terius The Dream Nash eta Christopher Tricky Stewart ekoizleak izan ditu bidelagun. Aspaldiko ezagunak dira hiru artistak; izan ere, Single Ladies hitean, elkarrekin aritu ziren lanean.

Queen B delakoaren zaleen erantzuna berehalakoa izan da. Bada, azken 24 orduetan, diskoaren estreinaldia tendentzia bihurtu da sare sozialetan. Gainera, YouTuben argitaratutako letradun abestiek milaka ikustaldi izan dituzte estreinatu eta minutu gutxira.

Artistak bere Instagram profilean azaldu duenez, "mundu osoak bizi duen garai beldurgarri honetan, diskoak amets egiteko ihesbide gisa" balio izan dio.

Berpizkunde honekin, "epairik gabeko leku seguru bat" sortzeko asmoa izan du musikariak, "perfekziotik ihes egiteko, askatzeko eta oihukatzeko" balioko duena.