Unai Cantabrana, Danel Sarasua eta Krusak, Gaztea Coverren lehen finalistak
Unai Cantabrana, Danel Sarasua eta Krusak taldea dira 2022ko Gaztea Cover lehiaketako lehen hiru finalistak. Iruñeko Zaldi Zurian jokatutako finalaurrekoan gailendu dira hiru musikariak, epaimahaiak hala erabakita.
Hamar lehiakidek hartu dute parte final handiaren atariko honetan: Unai Cantabrana, Elaia Diaz, Iker Gutierrez, Laps eta Ekain bikotea, Lorelei Green, Danel Sarasua, Krusak taldea, Irati Matelo, Ivan Requejo eta Lorea Loinaz.
Artista guztien bertsioak entzun ostean, epaimahaiak hiru onenak hautatzen zituen bitartean, Hofe X 4:40 nafar musikarien zuzenekoaz gozatzeko aukera izan dute Zaldi Zurira gerturatu direnek.
Ainhoa Arroitajauregi, Leire Letu eta Chica Sobresalto musikariek osatutako epaimahaiak izan du azken hitza. Haiek hala erabakita, Unai Cantabrana, Danel Sarasua eta Krusak bertsio lehiaketako finalean izango dira, bigarren finalerdian aukeratuko dituzten beste hiru musikarirekin batera.
Bigarren finalerdia ekainaren 7an jokatuko da, Gasteizko Foru Plazan, beste 10 musikarirekin.
Aurtengo final handia ekainaren 14an egingo da, zuzenean, EITBren Miramongo egoitzan. Saio guztiak ETB1, eitb.eus, Nahieran eta Gaztearen YouTube kanalean izango dira ikusgai.
Sariei dagokienez, epaimahaiaren garaikurraren irabazleak 2.000 euro eramango ditu eta entzuleen sariaren irabazleak 1.000 euro, musika material profesionala erosteko.