Gaztea Cover lehiaketaren lehen finalerdia, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en
Gaur gauean, Gaztea Cover 2022 lehiaketako lehen finalerdia izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en. Iruñeko Zaldi Zurian jokatuko den finalaurreko honetan 10 lehiakidek hartuko dute parte.
Bigarren finalerdia ekainaren 7an jokatuko da, beste 10 musikarirekin, eta final handia ekainaren 14an egingo da, zuzenean, EITBren Miramongo egoitzan.
Saio guztiak Julen Telleriak gidatuko ditu. Behin emitituta, saio guztiak Nahieran zein Gaztearen YouTube kanalean izango da ikusgai.
Iaz jarri zuen abian Gazteak bertsio lehiaketa hau, musikari hasiberriak ezagutu eta horiei ateak zabaltzeko. Aurten aurkeztutako coverrak, guztira, 120 izan dira, eta horietatik finalerdietarako 20 sailkatu dira.
Epaimahai lanetan Ainhoa Arroitajauregi iazko Gaztea Cover lehiaketako irabazlea eta Leire Letu eta Chica Sobresalto abeslariak arituko dira. Epaimahaiaren sariaren irabazleak 2.000 euro eramango ditu eta entzuleen sariaren irabazleak 1.000 euro, musika material profesionala erosteko.
Gaztea Coverreko lehen finalerdia 22:30ean izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.