Zerua, orain eta hemen, Merina Grisen lehen diskoan

Donostiar taldeak bere lehen lan luzea plazaratu du gaur: "Zerua Orain". Diskoaren kontzeptua eta bertan jorratzen dituzten ideia eta kezkak izan dituzte hizpide EITB Mediarekin.
Merina Gris
Merina Gris. Argazkia: @ekhi_alde

Zerua, noiz?

Hirukote donostiarrak 2020an atera zuen Besteek Zer, diskoko lehen singlea. Ordutik hona, kolaborazioak, bideoak, beste zazpi abesti, publikoaren babes paregabea eta "sarrerarik ez" kartela bandaren lehen kontzertuan.

Berehalako satisfakzioa kolokan jarri eta taula gainean ideia hori defendatzeko prest dauden arren, zerua orain, hemen, hatzamar artean dutela senti dezakete. Eta, kontraesanak kontraesan, ez dute "ezer egin nahi" laino artean flotatzeko sentsazioa geldiarazteko.

Gertatzen ari zaiena gozatzeko asmoa dute, beldur puntu batekin: "Gertatzen zaigu, oporretan zoazenean bezala, pentsatzen duzula: Hau disfrutatu behar dut, bai ala bai".

Horrek "antsietate puntu bat" eragiten die, askotan "gozatzearekin presionatzen dugulako geure burua", erantsi dute taldekideek.

"Beti duzu zerua orain. Are gehiago, hori da dugun bakarra: izan nahi duguna, datorrena, joan zena eta izan genuenari begira bagaude denbora guztian, oraina galtzen dugu"

"Gauzen betikotasun eza oso barruan sartuta" dugun gizartea garen aldetik, horren kontra egin eta zerua "beti gainean" daukagula gogoratzera dator Merina Gris: "Beti duzu zerua orain. Are gehiago, hori da dugun bakarra: izan nahi duguna, datorrena, joan zena eta izan genuenari begira bagaude denbora guztian, oraina galtzen dugu".

Antes No Era Más Feliz kantarekin itxi dute diskoa, eta, noski, ez da ausazko erabakia izan. Abesti hau nostalgiaren inguruko sententzia bat da, esna kanta bat, irakaspena. "Zergatik iruditzen zaigu iraganean zoriontsuagoak ginela? Faktore asko daude, noski, baina horietako bat da ez genuela geure errealitatea zerekin konparatu. Ez badago iraganik, ez dago konparaketarik. Eta ez badago konparaketarik asebete sentsazioa errazagoa da".

30 urteen bueltan dauden hiru musikarientzat iraganaren kontzientzia hartzea "errebelazio moduko bat" izan da.

Lana kaleratuta, norbere gabeziak identifikatu, horien inguruan hausnartu eta onartzen dituenaren indar geldiezinarekin aterako da oholtza gainera hirukotea, larunbat honetan, Donostiako Dabadaba aretoko publikoa dantzan jartzera.