Ezpalakek ez du Resurrection Festen joko, KKR inbertsio funtsaren kontrako erabaki politiko gisa
Ezpalak taldeak 2025eko Resurrection Festen eman behar zuen kontzertua bertan behera utzi du, KKR inbertsio funtsak jaialdia erosi duela jakin ostean. Gipuzkoar bandak sare sozialetan azaldu duenez, oso zaila egiten zaie euren “ideiekin koherenteak eta konsekuenteak izatea eta jaialdi honetan edo inplikatutako beste batzuetan parte hartzea”. Gainera, Resurrection Festeko langileei eskerrak eman dizkiete eta "Palestina askatu"rekin itxi dute oharra.
Bestalde, Pi L.T.k ere ez du joko Resurrection Festen. Jaialdiaren webgunean izan dugu honen berri, taldeak ezbaitu adierazpen publikorik egin.
Kohlberg Kravis Roberts (KKR) inbertsio enpresak espainiar Estatuan erosi dituen jaialdien artean dago Resurrection Fest, baita Sónar, Viña Rock, Resurrection Fest, O Son do Camiño, Arenal Sound, FIB eta Monegros Desert Festival ere. Berriak eztabaida piztu du gizartean, aipatutako enpresak Gazako lurralde okupatuetan dituen negozioak tarteko. Izan ere, KKRk Israelek indarrez hartutako lurraldeetan eraikitako etxebizitzak saltzen ditu, Yad2 (espainiar Idealistaren antzeko plataforma) izeneko enpresaren bitartez.
Gizarte eragileek antolatutako protesten ondorio gisa, hainbat musikarik jaialdi horietan jotzeari uko egin diote. Euskal Herrian, Fermin Muguruza eta Kaotikok dagoeneko jakinarazi dute ez dutela Israelen interes ekonomikoak bultzatzen dituzten jaialdietan joko.
KKR, frackingaren eta Trumpen gobernuaren alde
Israeleko negozioez gain, KKR frackingaren (hainbat herrialdetan debekatuta dagoen gas naturala eta petrolioa erauzteko teknika) aldeko lobbyaren parte da. Gainera, 2024an, Nikki Haleyren (AEBetako hauteskundeetako hautagai errepublikanoa) kanpaina finantziatu zuen. Horrez gain, 2016an, KKRk Donald Trumpen presidentzia hartze ekitaldia ordaintzeko milioi bat euro jarri zituen.
Inbertsio funtsaren tentakuluak Internetera ere iritsi dira. Izan ere, enpresaren datu publikoen arabera, Europa, AEB eta Israelgo software, zibersegurtasun eta datu enpresetan inbertsioak egin ditu KKRk azkenaldian.