TOC, Olaia Inziarte, Tapia eta Leturia, Amets Aranguren, Señora eta Brava, Chill Mafiaren azken kontzertuan

Nafar kolektiboak martxoaren 28ko hitzordu handira gonbidatu dituzten artista gehiagoren izenak argitaratu ditu. Berriez gain, Metrika, Euskoprincess, Bengo, La Txama, Mirua, Hofe x 4:40 eta Nerve Agent ere bertan izango dira.

Martxoaren 28an Bizkaia Arenan (BEC!) gertatuko dena ahaztezina izango da. Hala iragarri zuten Chill Mafiako kideek, taldearen desegitearen albistea eman bezain pronto. 10 orduko festa handia antolatu dute, taldeari agur esan eta lagunez inguratzeko.

TOC mungiar banda, Olaia Inziarte, Tapia eta Leturia, Amets Aranguren Ibil Bediko kidea eta Señora eta Brava dj-ak izan dira festara gonbidatu dituzten azken musikariak. Denak igoko dira oholtza gainera, Chill Mafiaren ibilbidea omendu eta taldeari agur esateko.

Egun ahaztezina borobiltzeko, aurretik iragarritako beste hainbat lagun izango dira bertan: Nerve Agent albacetearrak; Hofe x 4:40, Euskoprincess, Bengo, La Txama, Mirua eta Arepas. Gainera, Chill Mafiaren azken kontzertua hasi aurretik, Metrikak egingo ditu telonera lanak.

Gau berezia borobiltzeko, "sekulako afterra" prestatu dute nafar musikariek. Goizeko 6:00ak arte luzatuko da festa, Katza eta Bichos Rarosen DJ saioekin, besteak beste.

Kiliki Frexko eta Flako Chill Mafiako kideek “Dida”n azaldu zigutenez, hitzordu oso berezia izango da.

Sarrerak salgai daude dagoeneko, hemen.