Chill Mafiak festa handi batekin itxiko du agur bira, gaur gauean, BECen
Hamar orduko programazioarekin eta lagunez inguratuta, BECeko CUBEC! aretoan izango da nafar kolektiboaren azken kontzertua.
Chill Mafiak hamar orduko festa handi batekin bukatuko du bere agur bira gaur, Barakaldoko BECeko CUBEC! aretoan. Oholtza lagunez inguratuta hartuko dute nafar kolektiboko kideak, eta Metrika artista ere bertan izango da, telonero lanak egiten.
Egun ahaztezina borobiltzeko, taldeko kideek bere abestiak azken aldiz artista handiekin partekatuko dituzte, hala nola Nerve Agent taldea albacetarrekin; Hofe x 4:40 bere ohiko kolaboratzailearekin; Euskoprincess, Bengo, La Txama, Mirua eta Arepasekin. Kolaborazioen zerrenda izen gehiagorekin osatuko da.
Goizalderako "sekulako afterra" prestatu dute nafar musikariek. Goizeko 6:00ak arte luzatuko da festa, Katza eta Bichos Rarosen DJ saioekin, besteak beste.
Kiliki Frexko eta Flako Chill Mafiako kideek “Dida”n azaldu digutenez, hitzordu oso berezia izango da.
GUAU eta PRIMERANen ikusgai
Joateko aukerarik izan ez dutenek GUAU eta PRIMERAN plataformetan Chill Mafiaren kontzertua zuzenean ikusi ahal izango dute, 23:00etatik aurrera.