Durangoko Azokan ikusi beharreko bost kontzertu, Gaztearen eskutik

Abenduaren 5etik 8ra, Plateruena antzokia izango da Durangoko Azokaren zuzeneko musikaren epizentroa. Galdu ezinak diren hainbat kontzertu bildu ditugu Gaztean.

Abenduaren 5etik 8ra bitartean, euskal musikak azken urtean emandakoa zuzenean ikusteko aukera egongo da, Durangoko Azokako Ahotsenea gunean. Goizean hasiko dira kontzertuak, Plateruena antzokian, eta gauera arte luzatuko dira.

Egunez eguneko zerrendaren errepasoa eginda, Gazteako erredakzioak galdu ezin dituzun hainbat zuzeneko bildu ditugu.

Maskak

Aurtengo udaberrian ezagutu genuen Itsasu eta Bidarraiko musikariz osatutako laukotea, Buruz Buru diskoaren aurkezpenarekin batera. Euren lana irratian aurkezteaz gain, Behekaldetik ere igaro ziren, “Antzerki” izeneko kanta zuzenean jotzen.

Abenduaren 6an joko dute Ahotsenean, 13:20ean.

Naxker

Atarrabiatik datoz eta bihotza lapurtu digute “Bidelagun” izeneko abestian. Irratian kontatu zigutenez, duela bi urte elkartu ziren musika sortzen hasteko, eta dagoeneko badute auren lehen EPa: Matxenia II.

Laukotearen energiaz gozatzeko aukera paregabea izango duzue, abenduaren 6an (ostirala), 22:30etik aurrera.

Txopet

Bizkaitar hirukoaren Ostabe Zuloan lanak egun gutxi batzuk ditu, baina gu barruan gaude jada. Maketa Lehiaketa irabazi zutenetik arrastoa jarraitu diogu hiruko bizkaitarrari, eta merezi duen zuzenekoa eskainiko duela uste dugu.

Abenduaren 7an (larunbata) igoko dira Plateruenako oholtzara, 15:40ean.

Albina Stardust

Musikaria ez dela argi duen arren, esateko asko daukala ere badaki Albina Stardustek: “Gaur arte egin dudan guztia oso trabestia izan da, showetan dantza egitekoa. Orain, musika sortzen aritu naiz eta nire mezua zabaldu nahi dut", kontatu zigun “GU” saioan.

Nafar musikariaren Izar diskoa zuzenean entzun eta performance ikusgarriaz gozatu nahi izanez gero, abenduaren 6an (ostirala) izango duzu aukera, 18:00etan.

 

TOC

Badakigu heltzear dela, baina oraindik ez dugu TOCen disko berria entzuteko aukerarik izan. Jakin min horri helduta eta “Emoie” aurrerapen lana asko gustatu zaigula jakinda, bizkaitarrak ikusteko desiatzen egongo gara Plateruenan, abenduaren 7an (larunbata), 19:10ean.