Talde argitsu baten ifrentzu iluna, Txopeten ‘Ostabe Zuloan’ EP berrian

Jon, Iñigo eta Andoni taldekideak 'B Aldea'n izan dira, diskoa aurkeztu berritan.

Txopet taldeko lagunek Ostabe Zuloan izeneko hirugarren bilduma aurkeztu digute “B Aldea”n.

Jon, Iñigo eta Andoni taldekideek azaldu digutenez, euren musikan egunerokoan azaleratzen ez dituzten gaiak jorratzea gustatzen zaie. Hortik diskoaren izaera iluna, oro har, “talde alai bat” diren arren. Soinuari dagokionez, egin dituzte berrikuntzak. Konposatzeko eta ekoizteko orduan, adibidez, iraupenarekin eta baliabide elektronikoekin jolastu dira musikariak.

La M.O.D.A taldeko Jacobo Nayarekin ekoitzi dute diskoa, estreinakoz. Musikaren industriarekiko ikuspegia zabaltzen lagundu die ekoizleak, eta berarekin lan egitea esperientzia ederra izan zela diote Txopeteko kideek.

Aurtengo Azkena Rock Festivalen jo dute bizkaitarrek. Jaialdian autotunea erabiliko zuten lehenak izango ote ziren duda izan zuten gonbidapena jaso zutenean. Jotzeko unean, ostera, oso gustura aritu ziren Mendizabalako oholtza gainean.