Euskoprincess, “Euskañol” kantaz: “Euskal Herrian badago beste alde bat, euskal panoramako musikak ordezkatzen ez duena”
“Euskañol” izeneko singlea estreinatu ostean, “GU”n Euskoprincessen bisita izan dugu. Udaberrian aterako duen Totosaki diskoaz arituko zaigu.
“Diskoa planteatu nuenean ez nuen kanta hau egiteko asmorik, baina banuen abesti bat euskaraz idazteko presioa”, kontatu digu. Haurdunaldiarekin paralelismo bat eginda, “Euskañol” espero ez zuen Totosakiren bikia dela esan digu.
Mattin ekoizlearekin egin du diskoa, eta sekulako esperientzia izan dela kontatu digu musikariak. “Madrilen elkartu ginen, tortilla pintxo bat jan eta Totosakiren lehen kanta sortu genuen. Ekoiztu dugun guztia erabili dugu, ez dugu ezer deskartatu. Oso ondo moldatu gara, bera oso mutil lasaia da eta ni zorotxoagoa”, azaldu du Euskoprincessek.
“Euskañol”en sorreraz, honakoa kontatu digu: “Euskal panoraman pop mota oso markatua dago, baita euskal musika tradizionala ere. Baina Euskal Herrian badago beste alde bat Dcibelian, NONen eta ZULen hazi garenak, eta orain arteko euskal panoraman musikak ez gaitu ordezkatzen”.
Melodyk Goya Sarietako alfonbra gorrian piztutako eztabaidaz ere galdetu diogu. Erreferentea den arren, alfonbra gorrian “petarda samarra” iruditu zaiola esan digu.