‘Sei mila urte’: urpean edo ametsetan egon nahi duzunerako disko bat, Saguxarren eskutik

Irundar musikariak bere estreinako bilduma ekarri digu "GU" saiora.

Ane Segurolaren izen artistikoa da Saguxar. Irunetik dator eta bere proposamena aurkeztera etorri da "GU" saiora.

Musika anbientala jorratzen du musikariak, eta hitzetik definitu beharko balu “amets batean edo urpean zauden sentsazioa” eragiten duten kantak sortzen dituela dio. Hona heldu aurretik, baina, landu izan ditu beste hainbat estilo, bere soinu propioa aurkitzera iritsi arte.

“Ambient” delako musika erritmoa eta pultsazioak geldotzeko oso aproposa dela kontatu digu artistak. Gitarra kenduta, bere musikan entzuten ditugun musika tresna gehienak ordenagailuan programatzen ditu. Interneten topatzen dituen perlak bere burutazioekin nahasten ditu Saguxarrek, eta horrela sortu da Sei mila urte, bere estreinako diskoa.

Aurten entzuten duena galdetuta, Spotifyko wrapped bitxia duela kontatu digu; izan ere, musika klasikoa (Bach, batez ere) eta Charli XCX entzun ditu gehien 2024an.