Ezpalak, ‘Gatza’ri buruz: “Badaude abesti gogor eta zikinak, baita abesti melodikoagoak ere”
Ezpalak taldeko Eñaut Gaztañaga “GU”n izan da, taldearen Gatza diskoa estreinatuko duten astean.
Diskoko kantak biran zehar egin zituztela kontatu digu musikariak, eta ezustean, bilduma bat osatzeko beste zituztela ohartu zirela ere. Aurreko diskoaren bira eta Gatzarena ez nahasteko, lana aurkeztu aurreko hiru hilabeteko atsedenaldia hartuko dute musikariek. Gatzan aurkituko dugunaz galdetuta, euren azken bi diskoen arteko zerbait dela dio Eñautek: “Badaude abesti gogor eta zikinak, baita abesti melodikoagoak ere”.
Bideoklipen gaia aterata, musika bideoek duten etorkizunaz aritu gara musikariarekin. Izan ere, nazioarteko artistek gero eta bideoklip gutxiago egiten dituzte, garestiak direlako eta ez dutelako irabazi handirik ematen.
Bukatzeko, primizian entzun dugu “Erori” izeneko aurrerapen berria.