Merina Grisek ‘ZULOA’ izeneko diskoa kaleratuko du otsailaren 7an
Merina Grisek “Hiru Damatxo” izeneko kanta estreinatu du, esklusiban, “GU” saioan. Gainera, espero ez genuen berri bat kontatu digute: otsailaren 7an ZULOA izeneko bigarren diskoa kaleratuko du donostiar bandak.
Disko berria ezagutzen jarraitzeko, “Hiru Damatxo” izeneko singlea aurkeztu digute, primizian. Donostiak bizi duen egoeraren inguruko kritika da abestia, nazkatik eta atsekabetik egindakoa.
Bideoklipa ere egin diote kanta berriari. Arriguriren eskutik, munstro distiratsu bat ikus dezakegu bertan, Donostiako turistifikazioaren ikur diren hainbat kaletatik paseoan.
'ZULOA': otsailaren 7an
2025ean hiru urte beteko ditu Zerua Orain, Merina Grisen estreinako estudioko diskoak.
Euren lehen lana Euskal Herrian zein nazioartean aurkeztu ostean, iritsi zaie aro berri bati heltzeko unea.
ZULOA diskoan gehiegi sakondu gabe, bitxikeria bat kontatu digute: taldearen biniloa erosten dutenek (dagoeneko salgai), karta bat eskuratuko dute.
Karta horien artean, gutxi batzuk holografikoak dira. Karta hau tokatzen zaien zaleei, Merina Grisen kontzertuetarako doako sarrera izango dute, betirako.