Janus Lester: “Disko lasai eta kantagarriagoa izango da ‘Lore’”

Ostiralean aterako duen diskoa aurkezteaz gain, primizian entzun dugu “Nola hartu arnasa”, IZAROrekin egindako elkarlana.

Janus Lesterrek Lore izeneko diskoa aurkeztu digu, estreinatu baino bi egun lehenago. Nafar artistaren bigarren estudioko lana da eskuartean duena.

Duela bi urte kaleratu zuen Janus Lesterrek Ez gaitzala loak harrapatu, bere lehen lan luzea. Bigarren disko honetan, barrura begira jarri dira. Aurrekoa bilduma baino gordinagoa, helduagoa, lasaiagoa eta “kantagarriagoa” da Lore.

Taldean ere nabaritu dute aldaketa. Izan ere, lehen diskoaren aurkezpen biran, zazpi taldekideek 100 kontzertu inguru eman dituzte. “Elkar ondo ezagutzeko eta geure buruak ondo ezagutzeko balio izan digu”, kontatu du artistak.

Diskoan topatuko dugun “Nola hartu arnasa” kanta, IZAROrekin egindako elkarlana, entzun dugu primizian, “GU”n. Kolaborazioaz galdetuta, esperientzia ederra izan dela kontatu digu Janus Lesterrek: “Nik bere “Ez dakit zenbat denbora daramadan hemen” kantan kolaboratu nuen, eta polita iruditu zitzaidan bera ere nire diskoan egotea”.

Abenduan, Donostiako Victoria Eugenian joko dituzte lehen aldiz Lore diskoko kantak, abenduaren 30ean. Gonbidatuak eta hainbat sorpresa izango direla aurreratu digu.