Merina Gris: “Abestiek askura eragiten dute oraindik, eta horrek esan nahi du bere momentuan zintzoak izan ginela”
Merina Grisek ZULOA izeneko bigarren diskoa aurkeztu digu “Dida!”n. Paskal, Julen eta Sara estudioan izan dira, LPan aurkituko ditugun zulo guztiak hizpide.
Galera eta doluen katalogoan, “Triste Dabil Aita”k denboraren igaroari eta heriotzaren beldurrari abesten dio donostiar bandak. “Gurasoena gai unibertsala da, tokatzen zaigu haiei esatea orain arte zaindu gaituzten moduan, gu ere hor gaudela beraiek zaintzeko”, azaldu du Paskalek.
Bigarren diskoa inflexio puntua izan ohi da talde askorentzat. Ez da Merina Grisen kasua izan. “Taldearen soinua aurkitu dugu eta egonkortasun momentu batean gaude”, azpimarratu du Sarak. Izan ere, JEWLNek (Merina Griseko Julen) ekoitzi du album osoa, Ed is Dead madrildar produktorearen nahasketarekin.
Irudiari dagokionez, zuloaren kontzeptuaren inguruko zilarrezko unibertso bat eraiki dute, Iker Gozategiren laguntzarekin. Diskoan topatuko ditugun sei zuloentzako bideo bana sortu dute, Eneko Sagardoy aktorearen ahotsaz baliatuta.
Zuzenekoaz galdetuta, ikuskizuna “nahiko kontinuista” izango dela adierazi digute musikariek. Berrikuntza batzuekin: Sarak gitarra joko du, jantzitegi aldaketa egongo da eta lekuz aldatzen joango dira. Donostiako Dabadaba aretoan egingo dute lehena, tiket guztiak salduta, martxoaren 22an.